Egun on:
Asteburu iragan berrian “Goya” sari famatuak eman ditu Espainiako Zinema Akademiak. Zinemazalea naizen arren, edo beharbada horregatik, ez ohi dut sariak emateko zeremonia ikusi. Baina jakin-mina izaten dut biharamunean, sariak zeinek irabazi duen jakiteko.
Aurten denen artean, sari bat egin zait deigarri, Laura Weissmahr-ek irabazitako aktore berri onenarena, Salve Maria filmean egin duen lanagatik jasoa.
Atentzioa deitu didana ez da neskaren interpretazioa edo pelikularen kalitatea, ez baitut ikusi, baizik eta pelikularen jatorria. Pelikula katalana da eta katalanez filmatu da baina, begiratuz gero, gidoia Katixa Agirreren “Las madres no” eleberrian oinarritua dagoela agertzen da aurkezpen fitxan. Jakin-min berak jota deskubritu dut “Las madres no” izeneko eleberri hori, “Amek ez dute” euskarazko eleberriaren gaztelaniako itzulpena dela, eta berriki ama izandako neska baten gorabeherak kontatzen dituela, bere ikasle garaian ikaskide frantsesak bi seme-alaba jaio berriak hil zituela jakin ondoren.
Nik euskaraz irakurri nuen liburua duela hilabete batzuk eta gustatu zitzaidan. Baina zer pentsatua eman didana zera da: sortzaile katalanek aukera dutela istorio interesgarriak zinemara kalitatez eramateko eta, naski, lana ongi egiten badute saria jaso dezakete.
Konparaketa ezin dut saihestu eta pentsatu dut, gaur egun ezinezkoa litzatekeela jatorri euskalduneko eta euskaraz filmatutako pelikula batek saria eskuratzea. Gure administrazioek ez diotelako bat ere garrantzirik ematen horri.