Ekoterrorismoa

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2025ko ots. 3a, 17:43

Egun on:
Azken hamarkadetan ekologiaren aldeko arrangurak gora egin du nabarmen munduan. Progresismo itsuaren garaietan inori ez zitzaion bururatzen gas kutsatzailea atmosferara isurtzea, erraterako, gizateriaren kontrako delitua izan zitekeenik. 
Kontzientzia hartu genuenean sistemak, ekoizpen masiboan eta kontsumo mugagabean oinarritutako gure sistemak, muga batzuk onartu behar izan zituen, eta mundu mailako itunak sinatzen hasi ziren herrialde indartsuak. Gehienbat, dena erran behar da, itxura bat emateko asmo gehiagoz, produzkio masiboari benetako muga bat ezartzeko baino. Baina, beti bezala, itxurakeriak bere biluztasuna erakusten du gauzak gordin paratzen direnean; hau da, munduaren benetako jabeak beren buruari mugak ezartzeaz nekatzen direlarik. 
Une batean ekologistak ongi ikusita egotera iritsi baziren ere, azken boladan mugimendu ekologistak eta haien ekintzaileak zikintzeko eta kriminalizatzeko estrategia bat osatzen ari da delitu eta akusazio-zigor berriak asmatuaz. Horietako gogorrena: ekoterrorismoa kontzeptu asmatu berria. Orain, modu baketsuan eta izadiaren alde egiteko bada ere, proiektu erraldoien kontra egiten duenari ekoterrorista deitzen zaio. Jabetza pribatuaren kontra egitea, protestetan poliziari aurre egitea, eta horrelakoak dira ekoterrorismoaren delitua justifikatzeko erabiltzen diren osagai juridikoak. Bistan denez, orijinaltasun bat ere ez.
Aparatua martxan dago, eta hemen, Nafarroan, Aroztegiako ekintzaileak ditugu helburu nagusiak gaur egun. Laster etorriko dira gehiago eta gutako edonor izan daiteke.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!