Egun on:
Komunikabideetan oparo zabaldu denez, pasa den egunetan eleberri beltzaren asteak ospatu dira Nafarroan. Bai asteak diot, pluralean, batek Baztanen du erdigunea eta (H)Ilbeltza izen, euskaraz da, eta XI. edizioa egin du 2025 honetan; bestea Iruñean burutzen da, “Pamplona Negra” du izen, gaztelaniaz da, eta X. edizioa egin du urte honetan. Ez ditut batek zein besteak duen aurrekontua aipatuko, diferentzia 50/1 proportzioa izatera iritsi daitekeelako. Asmatzen duzue zeinen alde, ezta?
Zoritxarreko kasualitate horregatik, eleberri beltza gustuko dugunok ezin bietan parte hartu, nonbait, erdarazko edizioa prestatu zutelarik ez omen zuten beste asterik libre, eta justu euskarazkoa egiten den aste bera, urtarrileko laugarrena, hautatzera behartuak egon ziren; ez ahantzi urteak 52 aste bakarrik dituela.
Kointzidentziak alde batera utzita, joan den larunbatean Elizondon egon ginenok euskal eleberri beltzari buruz gogoeta egiteko aukera izan genuen. Genero beltzean badaude mota askotako joerak, horietako batean ikertzaileak hartzen du protagonismoa, eta ikuspegi polizial batetik aurre egiten dio tramari. Beste jarrera batean, testuinguru sozialak garrantzi handia du, eta ikertzaile, biktima eta hiltzailearekin batera, arazo sozialetan sakontzeko ere erabiltzen du trama.
Asmatu zein joera izan den nagusi bi aste beltzeko bakoitzean.