Egun on,
Dolores Redondo, edo nire lagun idazle batek deitzen dion bezala, Nekane Biribila, azken urteotako fenomeno aipagarriena da gaztelaniazko literaturan. Famatua egin zen duela jada urte batzuk “Baztango Trilogia” argitaratu zuenean. Orduz geroztik, Planeta saria irabazi zuen 2016an eta, —nola ez ba!— Nafarroako Gobernuak Kulturako Vianako Printze Saria eman zion 2023an. Hori gutxi balitz literatur genero baten sortzailetzat hartzen zaio: “Mystic Noir” izenekoa.
Nik bere liburuetako bakarra irakurri dut: “zaindari ikustezina”, euskaraz irakurri ere, eta ez zitzaidan gustatu. Nire ustez pertsonaiak klitxe samarrak ziren, eta tramaren kontakizun-hariak oso aurreikusterrazak. Dibertigarriena, niretzat, hiltzaileak bere ekintza makabroei uzten zien sinadura: txantxigorri puska bat emakumeen hankarte lotsaizunetan.
Duela hilabete batzuk Redondo andereak hurrengo eleberri batean Baztanera itzultzeko gogoa adierazi zuen. Orain mehatxua bete eta “Las que no duermen” aurkeztu du joan den astean, Legorretako siman desagertutako emakume bat protagonista hartuta.
Bejondeiela bada, Baztango eta inguru horietako bizilagunei, tokia laster turista literaturazalez beteko baita. Nahigabean lagun, nire aldetik.