BRICSen Gailurra

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko urr. 28a, 18:57

Egun on:

 1991ko abenduan Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna ofizialki desagertu zenetik, nazioarte mailan ez da munta handiko proiektu ekonomikorik egin Estatu Batuen eta Europar Batasunaren oniritziz ez bada. Izan daiteke merkataritza-harremanetan, dibisa-trukean edo, erraterako, eskualde handietako interes-tasen zehaztapenean. Makroekonomiaren ardatzak gidatzen dituzten erakundeak: FMI, Munduko Merkataritza Erakundea eta Munduko Bankua, Mendebaldeko potentzien menpe daude. 
 Azken urteotan, aldiz, botere-inguru horretatik kanpoko estatu batzuek: Txinak, Errusiak, Brasilek, Indiak eta Hegoafrikak hasieran, BRICS izeneko taldea osatu dute, haiek hartzen dituzten arauen arabera salerosteko. Azken urtean Egipto, Saudi Arabia, Iran, Etiopia, eta Arabiar Emirerri Batuak bildu zaizkie, eta beste hainbat herrik taldean sartzea eskatu dute. 
 Zifrei begiratzen badiegu, BRICS taldeak G7a gainditu du Munduko Barne Produktuaren ekoizpenari dagokionez, eta barne hartzen du munduko populazioaren % 45.
 Egun hauetan BRICS taldea bere gailurra egiten ari da Kazanen, Errusian, eta Asia, Afrika eta Hegoamerikako begiradak bertara zuzenduak daude, har ditzaketen erabakien zain. Hemen, Mendebalde egozentrikoan, ia ez dugu horren berri gure komunikabideetan, eta ez dugu pentsatu nahi nazioarteko anitz arazok, apika, aldatzen hasi diren harreman ekonomikoak dutela jatorri.    

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!