Egun on,
Ekialde Ertainetik urrun gaudela iduritu arren, gaur egun ez dago distantziarik helmen handiko misilentzat. Eta, horregatik, denok pentsatu beharko genuke Ekialde Ertainean gertatzen ari dena guri ere eragiten digula, uste baino gehiago, hain segur.
Asteburu honetan Israelgo armadak Hassan Nasralá, Hezbolá-ko lider nagusia hil du, eta, Palestinarekin eta Libanorekin hasita dituen gerrez gain, Iranen kontrako beste bat hasteko zorian geratu da. Hori gertatuko balitz, mundu mailako gerra bat litzateke, eta suak dimentsio ikaragarriak har zezakeen, Europa osoa barne hartuta.
Hori gerta daiteke, ala ez. Ni ez naiz igarlea eta ez dut izateko asmorik, gutxiago oraindik berri txarrak zabaltzeko, baina ergelkeria bat litzateke aukera hori kontuan ez hartzea. Horregatik harrituta nago Europako Gobernuen pasibotasunaz. Israelek nahi duena egiten du, bere krudelkeriak eta eragin dituen heriotzen kopuruak muga guztiak gainditu ditu, baina ez du inporta, inork ez dio mugarik jartzen. Aldiz, Mendebaldeak laguntza logistiko eta armamentista ematen dizkio.
Europako Gobernuek, “lehen mundua” deitzen duten horren estatuen utzikeria eta mendekotasuna salagarriak dira, eta arbuiagarriak, pasibotasuna, kasu honetan, hagitz hurbil baitago konplizitatetik.