Egun on:
Datorren asteartean Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio azterketa eginen dute batxilergoa aurten bukatu duten ikasleek. Ekainaren 4tik 6ra, 17-18 urteetan dabiltzan Nafarroako gazteek orain arteko froga akademiko nagusiari aurre egin beharko diote, heldu den ikasturtean unibertsitatera sartzeko eskubidea lehian.
Euskararen datuei so egiten badiegu, badugu ikasleetako laurdenak eginen duela USEa euskaraz, 1026 lagunek, hain zuzen, eta 3010ek gaztelaniaz. Hain segur, bere bizitza osoan euskaraz ikasi duten gazte anitzek gehienek zoritxarrez bere azken azterketa eginen dute euskaraz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan gradu bakarra, Magisteritzakoa, eskaintzen baita gure hizkuntzaz, eta ingeniaritza batzuetako lehen maila. Unibertsitate Pribatuan urrik ere ez. Beraz, EAEko unibertsitateetara aterako ez direnek ez dute euskaraz ikasiko, eta ez haien borondate faltagatik, instituzio publikoetatik ahaleginik ez delako egiten baizik.
Ene ustez, euskararen egoera penagarria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta, urteak pasa ahala, inork ez du gaia arduraz hartzen. Duela kasik 50 urte, Adolfo Suarezek erran zuen ezin zela fisika nuklearra irakatsi euskaraz; dirudienez, Nafarroako unibertsitate munduan uste hori oso zabalduta dago, euskaraz ikasteko dagoen eskaintzari begiratzea besterik ez dago.