Egunak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko mai. 27a, 11:44

Egun on:
 Nire lagun batek dio, gurean, dagoeneko, egun berezi gehiago daudela egun arruntak baino, eta ez zaio arrazoi falta. Errate baterako, bukatu berri dugun asteburuan, nik dakidala, Iruñeko Alde Zaharreko Eguna, Erdialdeko Euskal Eguna, Berriobeitiko Euskararen Eguna, Berriozarko Eguna, eta beste batzuk ospatu dira gure ingurune hurbilean.

Hori ikusita, nire buruari galdetzen diot: zertara dator magnitude horretako ospatze-beharra Iruñerrian primadera sasoi honetan? Ez dakit noiz hasi zen zabaltzen “egunen” fenomeno hau, baina garai batean ez zen hainbesterako. Festa egiten genuen, doike, baina herriko festekin konformatzen ginen, Txantreakoak ziren lehenak, maiatzean, eta Atarrabiakoak azkenak. Baina, dirudienez, hori ez da aski eta udalerriek eta auzoek bere “Eguna” izan behar dute festa ofizialez landa. Nonbait, ase-ezina baita gure ospatze-grina.
 Ni ez nago Egun bereziak ospatzearen kontra, ez, hagitz ona iduritzen zait jendeak festa egitea, baita parranda, martxa, ligoteo eta hori guztia ere, nola ez. 
Baina, nire ustez “Egunak” ez dira festa hutsa izan behar; aldarrikapen edo intereseko gai bati lotuak daude, eta festa ez da osagai nagusia, errebindikazioaren arrimura sortzen den giro bat baizik. 
Garai batean, Sanferminetan edo festeetan kantu politikoak edo aldarrikapenak oihukatzen genituenean, eskuindarrek “jaiak bai, politika ez” leloarekin boikoteatzen ziguten. Ba, nik uste, Egunak, hain zuen, festak bai politika ere bai aldarrikatzeko aukera paregabeak direla, eta horrela bizi behar ditugula, hori gabe ez dutelako zentzurik. Bizi dezagun bada aldarrikapena festan, eta egin dezagun herri festaren bidez, behar handia dago eta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!