Egun on:
Aurreko larunbatean Palestinaren aldeko manifa handi bat egin zen Iruñean, milaka lagun bildu zirelarik. Sionisten genozidioa hasi zenetik maiz ikusi dugun bezala, mota guztietako kolektiboek elkartasuna adierazi zioten Palestinarren kausari eta mendebaldeko estatuen hipokresia, Espainiarena barne, salatu zuten berriz ere.
Oraingo honetan, baina, pankarta batek atentzioa deitu zidan: transgenero pertsona batzuek eutsita, palestinarren alde egiten zuen eta Israelen faltsukeria salatzen askatasun sexuala eta sexu identitatearen arloan. Ni, ustekabeak harrapatuta, galdetzeko beharrean aurkitu nintzen, konkretuki zertan zetzan Israelen faltsukeria alor horretan. Ba, dirudienez, estatu sionistak LGTBI eskubideen defendatzaile sutsu agertu nahi izan du bere burua aspaldi honetan nazioartearen aurrean, nolabait erranez norberaren eskubide indibidualak defendatzen dituela fobia guztien kontra, eta, ahalegin horretan, legitimatu daitekeela Palestinan burutzen ari diren arabiarren kontrako erasoa.
Testuinguru horretan, manifako lagun trans horiek salatzen zuten ez duela legitimotasunik eskubide indibidualen defentsa (direnak direla) erabiltzea oinarrizko eskubide kolektiboen kontra. Ados nago erabat mezuarekin. Eta, ene ustez, pankartari eta elkartasun-keinuari balio erantsia ematen diona da salatzaileak transgeneroak beraiek direla. Argi utzi dutelako ez direla boteretsuen tranpa interesatuan erori, eta argi dutela zein den beren borroka eta non dagoen beren elkartasuna, Palestinarekin hain zuzen.