Pastorala

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko mai. 13a, 16:47

Ez dira hauek garai onak euskararako. Datuek diote bere erabilera nekez egiten duela aurrera, oso portzentaje urrietan eta urte luzeetan zehar. Epaileak kontrako erasoan ari dira, berez eskasak diren legeak modu zikoitzenean baliatuz gure hizkuntza Administrazio Publikotik kanporatzeko. Politikarien negoziazioetan, nonbait, euskara ez da lehentasuna, ezin baita ezker konstituzionalista sobera presionatu ordena berriaren oreka ez hausteko. Globalizazioren erakartasun modernoak ingelesera garamatza, euskara ez baita eskakizun izanen nazioarteko proiekzioa bilatzen duten enpresa handietarako.
 Panorama horren aurrean, betiko formulara itzuli beharra argi dago. Iruñerrian duela berrogei urte euskarak jauzi kualitatibo bat eman bazuen, herritar euskaltzaleek galtzear zegoen  hizkuntza ikasi eta erabiltzeko hautua egin zutelako izan zen. 
 Atzo Julia Fernandez pastorala ikustera joan nintzen. Sekulako espektakulua iduritu zitzaidan, eta, ohituratua gaudenaren kontra, ez zen gorespen indibidualik ikusi; horren ordez, taldea ikusi zen protagonista. Izan ere, antzezpenaren gidoia, musika, ekipamendua, jantziak.. dena, talde lanean egin da, kasik laguntza ekonomikorik gabe, eta betiko euskaldun militanteen ahaleginez. Pastorala gozatzen egon nintzen hiru oren eskas horietan, pentsatu nuen hori zela nik maite dudan euskaltasuna, gure herriak behar duen euskalgintza: auzolanekoa, herriarena, denona. 
 Beraz, mila esker eta mila zorion Julia Fernandez Zabaleta pastorala egin duen talde osoari. Etor daitezela gehiago.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!