Egun on:
Euskarari egiten ahal zaion mesederik handiena erabiltzea da, hori argi dago. Beraz, euskara dakigunok euskaraz egin behar dugu, nork bere mailan, noski, ez baitzaio berdin eskatu behar B1eko ikasle bati, edo bere irakasleari, erraterako.
Badakit ez dela atsegina entzutea, baina adierazi nahi dut, batzuetan, irakasle batzuei, kazetari batzuei, euskara teknikari batzuei, eta abar batzuei, justifikaziorik ez duten akatsak detektatzen zaizkiela mintzatzeko tenorean. Horietako bi, oso arruntak, aipatu nahi nituzke gaur.
Lehena “Porke”a. “Porke” gaztelaniaren kausazko menderagailua da, eta zerbaiten kausa edo arrazoia azaltzeko erabiltzen da. Euskarazko parekoak dira: zeren bait…, zeren …en, bait bakarrik, edo -lako atzizkia aditz laguntzaileari lotua. Hori mundu guztiak daki, gehiago oraindik euskararen “profesional” guztiek. Galdera da, zergatik tematzen gara orduan “porke” ditxosoa erabiltzean, eta ez dugu behin betiko kanporatzen gure komunikazio praktikatik?
Bigarrena “ari dut”, edo “ari dugu”, edo “ari zuten” erabiltzea, “ari naiz”, “ari gara” edo “ari ziren” jatorren ordez. Denok ikasi dugu aditza “ari izan” dela, eta, eguraldiaren salbuespena kenduta, izaneko laguntzaileekin erabiltzen dela: lanean ari naiz, kaka egiten ari gara, eta horrelakoak. Zergatik orduan aldaketa itsusi hori?
Ez dut maisutxo bihurtu nahi, baina noiz edo noiz horrelako jarrerak salatu eta ahalegin bat eskatu behar da. Zeren hau guztia gertatzen baita, egia da porke nik ikusten ari dut egunero.