Egun on:
Beste anitz lagunek bezala, gure familiako kideok ere, Bazko astea baliatu dugu bazter berriak ikustera bidaiatzeko. Ongi dakigulako urtean bizpahiru aldiz kanpora ateratzen ez bagara, ez garela nor gure inguru hiper-modernoan; eta haraino irits gintezke!
Beraz, kutxako txartela eta Google-maps-a hartuta, Lisboara abiatu gara aurten, hiriburu lusitaniarra jo muga ezin aproposa zelakoan egun atsegin batzuk pasatzeko.
Lehen arazoa garraioarekin izan genuen. Guk trena hobesten dugu, ez baita hagitz kutsagarria eta lasaia delako. Ba, kontua da iaz kendu zutela Lisboara trenez joateko aukera, eta hegazkinez joan behar izan dugula; horrek, bidaiaren gastua handitzeaz landa, espezie kutsakor intentsitate handiko bilakatu gaitu.
Ez zaituztet nekatuko Pessoaren hiriak dituen plazak, tranbiak, fado ederrak, eta bakailao lehor ezin zaporetsuagoa deskribatzen, baina jakizue hiriak erakarri gaituela pilo bat. Baina, halaber, aitortu behar dizuet turismoaren masifikazioak akitu nauela. Ez zegoen nora joan, gu ailegaturako jendez lepo ez zegoenik, berdin Jeronimoak, Comerçio-ko plaza, nola San Jorgeren gaztelua. Ezinezkoa zen urrats bat eman, lore atorrazko jubilatu ingeles batekin edo argazki-makinadun korear batekin topo egin gabe: itogarria.
Bost egun beranduago Iruñean gaude berriro. Hiri zoragarri bat ezagutu dugu bai, baina turista kutsatzaile eta masifikaziogile izatearen sentsazio batek bereganatu gaitu. A! Eta inork uste badu gaztelania jakinik portugesa ulertuko duela arazorik gabe, jai du!