Bikote askeak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko mar. 11a, 18:45

Egun on:
 Gure ingurune sozialari begiratu orduko aise antzeman daiteke bikote klasikoak krisi larrian daudela. Garai bateko bizitza osorako neska baten eta mutil baten arteko elkarteak porrot nabaria egin du gizartearen zutabe gisa, eta behar dira alternatibak bilatu ez badugu gure amoros bizitza pikutara bota nahi.    
 Gazteek oso normal bizi dituzte sexu harreman anitzak eta bikote aldaketak, heterosexualak nola homosexualak. Baina adinean gora egin ahala, kontua desberdina da. Gaur egun berrogei eta hirurogei urteen artean hausten diren anitz bikotek, hirugarren pertsona baten agerpena dute kausa. Bietako batek beste lagun bat aurkitu duela eta harekin “frogatu” nahi izan duela. 
 Bere larruan bizi duenak badaki bikotearen haustura sufrikario bat dela: gurasoentzat eta seme-alabentzat, txikiago diren heinean latzagoa: bi etxebizitza, seme-alabak astero etxez aldatu, gastua bikoiztu, pentsioak… eta, horri, ordura arteko bi lagunen haserrea gehitzen badiogu, laztasuna tortura bihur daiteke.
 Arazoa bada, eta askotan hala da, bikotekideetako batek, noiz edo noiz, kanpoko batekin oheratu edo sexu-harremana izan nahi duela, zergatik ez onartu? Zergatik ez landu horrelako irtenbiderik erabateko haustura planteatu baino lehen?
 Ez dakit burua sobera joaten ari zaidan, baina inguruko panorama ikusita, beharbada bikote askeak lantzea, uste baino serioago hartu beharreko alternatiba litzatekeelakoan nago.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!