Egun on:
Politikagintzaren alde ilunean egoten den pertsonaia da artekaria. Koldo kasuak gaurkotasuna eman dio orain, baina beti dago; hala ere, ez da maiz agertzen, haren itxura ez baita bat ere erakargarria.
Artekaria gai da politikarien eskakizunak modu azkar eta diskretu batez lortzeko. Frankotan, bi muturren arteko harremana lotzen du, erran bezala, korridore lana isilean eginez. Baten batek galdetu dezake: eta zergatik enkargatzen zaio ezkutuko artekari bati entitate politiko batek bere baliabide ahaltsuekin berez egin dezakeena? Ba horixe da gakoa, eta erantzun erraza du: artekariak mugitzen duen auzia ez baita garbia, edo zuzena, edo legala; alegia, aireratuz gero usaina dario.
Artekari politiko baten beste funtzioa da kopla-burukoarena egitea, hau da ezkutuko auzi batek eztanda eginez gero erruak beretako hartzea, eta atzean dituenen bizkarrak zaintzea. Ongi pagatua dago, eta badaki marroiak jatearen truke oraindik gehiago pagatuko diotela, eta orain komunikabide ororen helburu zalapartatsua izan arren, epe ertainean ez duela zigor handirik jasoko, eta beraz ahantziko direla.
Artekari politikoaren figura gure sisteman txertatua dago. Ustelkeriaren zaindaria da eta, politikari guztiek erabiltzen ez duten arren (bidegabea litzateke oso horrelakorik erratea) ez da bera desagerrarazteko benetako ahaleginik egiten, helburu horri begira iragartzen eta osatzen diren batzordeek eta ekimenek gutxitan gaindituko baitute itxurakeriaren maila.