Egun on:
Gehiegi okertu gabe erran dezakegu euskaraz bizitzea dela euskaldun gehienon desira eta gogoa, eta egunez egun saiatzen garela xede horretara hurbiltzen nahiz, batzuetan, aurrerapausorik ez dugula ematen iduritu. Garai batean uste genuen euskara ezagutzea aski zela, erran nahi baita, lortzen bagenuen hiritar kopuru nahiko batek eskolen bidez euskaraz jabetzea, helburua lortuko genukeela, eta epe ertain batean euskara gure bizitzarako hizkuntz funtzionala bihurtuko zela.
Zoritxarrez D ereduaren esperientziak erakutsi digu hori ez dela nahikoa euskara erabiltzeko. Hizkuntza menperatzeaz landa, beharrezkoa dela inguruneak egokitu eta baliabideak prestatzea.
Gaur egun gure inguruari begiratzen badiogu zera ikus dezakegu: liburuak euskaraz baditugula, baina gutxi irakurtzen direla; antzerkia euskaraz badugula, baina euskarazko funtzioak dudenean aretoak ez direla betetzen; bertso saioak ditugula, eta horiek bai, betetzen dira, baina publikoa oraindik murritza dela.
Nire ustez bi hutsune handi ditugu gaur egun: telesailak, ez baitira euskaraz egiten nahiz euskaldunok horrelakorik eskatu; eta teknologia digitala, egunero baikaude mugikorrari, tabletari edo ordenagailuari entxufatuak, baina alor hori basamortua da euskararentzat.
Beraz, Administrazio Publikoek eta euskararen aldeko iniziatiba partikularrek badute, badugu, nora bideratu ahaleginak, edo ahalegin gehiago bederen, euskara bultzatzeko jauzi bat benetan eman nahi badugu.