Emakume bat ugaldean

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko ots. 19a, 17:43

Egun on:
 Gabriela Reyes Arga ugaldean agertu zen joan den ostegunean itota. Agertu baino lehen banekien desagertuta zegoela bere aurpegia ikusi baitut hormetan eta billabesa geltokietan paratutako karteletan. Kartel ugari, telefono zenbaki baten ondoan beti, holakoetan esperantza zenbakiz mozorrotzen baita, haren berri izanez gero hots egiteko. 
 Joan den abenduan desagertu zen, eta orduz geroztik familia eta lagunak haren bila aritu dira, alferrik. Desagerpenaren aste hauetan zehar, billabesako bidaietan, bere aurpegiari begira geratu naiz behin baino gehiagotan. Eta beti gauza tristeak pasatu zaizkit burutik. Ez nuen uste aurkituko zutenik, alde egina edo hilda legokeela uste nuen, eta aukera txarrena egiaztatu da azkenean. 
 Kartelaren irudia buruan, billabesan ondoan esertzen zaizkidan emakume etorkin gazteetako bat izan zitekeela imajinatzen nuen, taberna batean sukaldari edo zerbitzari aritzera doana, edo hemengo familia baten etxebizitza garbitzen duena, edo zaharretxe batean gure aitatxi-amatxiak zaintzen eguna ematen duena.
 Bururatzen zitzaidan, halaber, emakume gazte eta etorkinak gure artean dauden pertsona zaurgarri eta ahulenetakoak direla, eta hemengo inork nahi ez dituen lanak egiteko baloratzen ditugula soilik. Halaber, pentsatu dut bide luzea geratzen zaigula soziedade gisa berdintasuna eta justizian bizi garela erran ahal izateko. 
 Nire hurbiltasuna Reyesen familiari, eta bera bezala gure ondoan, baina ez dakit gurekin, bizi diren emakume guztiei. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!