Kontsumo gizartearen kontraerranak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2024ko ots. 5a, 17:46

Egun on:
 Elikaduraren eremuan produkturik merkeenak erostera jotzen dugu kontsumitzaileok, merkatu-ekonomiaren lege nagusiari zintzoki jarraituz. Zergatik ordaindu 18 euro arkume kiloa herriko  dendan, Mercadonan 15 euroren truke eros badezaket?
 Baina gogoeta eginez gero, ondorioztatuko dugu merke saltzen duenak merke ekoiztu behar duela derrigor, ekoiztutako produktu orori ahalik eta errentagarritasun gehiena ateratzea delako merkatu-ekonomiaren gakoa. Eta nola ekoizten da merke? Bi bide dago horretarako: lehena, lehengai merkeenak, txarrenak alegia, erabiltzea; eta, bigarrena, ekoizpen kostuak murriztea, sektoreko langileen soldatak jaistea, alegia. Beraz merkeena erosteak produktu txarragoaren alde egitea eta langileen prekarietatea zabaltzea dakar berez. 
 Elikagaien erosketari buruzko gogoetari datuen analisia gehitzen badiogu, berehala ikasiko dugu gaur egun, gure elikagai dendetan dagoen produkturik merkeena inportatua dela: Zelanda Berriko arkumea, Marokoko barazkiak, Espainia hegoaldeko frutak… eta Nafarroan edo Euskal Herrian ekoiztutakoa nabarmen garestiagoa dela, garraio kostuak txikiagoak diren arren. Beraz, kontsumoaren logikak dakarren ondorio nagusia da gure nekazaritza, Nafarroako ekoizle txikiena, ahultzea, eta, horren truke, sektoreko multinazionalen etekinak handitzea.
 Pentsa dezagun horretaz piska bat datorren astean gure laborarien traktoreak kalean ikusiko ditugunean.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!