Egun on:
Literatura beltza loraldian dagoela ageriko datu bat da. Nazioarteko liburu salmentei begiratu besterik ez da egin behar, gaur egun, Jo Nesbo, Isabella Maldonado, Henning Mankel, Stig Larsson, Camilla Largberg, eta noir generoko egile asko zerrendan agertzen direla ikusteko. Liburu-denda batera joan edo liburutegi batera sartu, eta lan mota horri eskainitako apalategi multzoa luze eta joria dela ikusiko dugu.
Nafarroa ez da fenomeno beltzetik kanpo geratzen eta, azken bolada honetan, misteriozko eleberriak argitaratzen ari dira dexente gure artean; berezitasun batekin erranen nuke nik, gehienak euskaraz idatzita daudela. Ez dira gutxi estilo horren barrenean sar daitezkeen nafar idazleak, horra hor, Alberto Ladrón Arana, Jon Alonso eta Aingeru Epaltza klasikoak, edo Ernesto Prat eta besteren bat gazteagoa. Literatura noir une goxoan dago gure artean, eta horren zale garenok pozten gara.
Misterioaren xarmak erakarriak, bi literatur aste antolatu ohi dira gure herrialdean urtean zehar: “(H)ilbeltza” Baztanen, eta “Pamplona negra” Iruñean, biak urtarrilean eta biak batera, hau da, justu gaur hasi dugun astean. Beraz Elizondon, nahiz Iruñean, generoko iltzulpenen aurkezpenak, idazleen hitzaldiak, antzespenak, filmak, polizien hitzaldiak (hori Pamplona Negran bakarrik, eta erdaraz). Beraz gogoa eta astirik duenak badaki zertan xahutu kultur arratsaldeak aste honetan.
Zalantza bat sortzen zait hala ere. Zergatik urteak 52 aste izanik, literatura beltzari buruz antolatzen diren bi zikloak toki diferenteetan baina egun berberetan justu egin behar dira. Bob Dylak erranen lukeen bezala: erantzuna haizean dago.