Egun on,
Batzuetan pentsatzen dut “demokrazia parlamentario” izenaz ezagutzen duguna bi liberalismoek (politikoak zein ekonomikoak) beren iraupena bermatzeko sistema baizik ez dela, eta Espainiako trantsizioak diktaduratik demokrazia kontrolatu batera igarotzea izan zuela helburu. Sistema horren bidez indar liberalek, batzuetan sozial demokrazia itxuraz, beste batzuetan kontserbadore itxuraz, une oro agintean egotea bermatzen dute.
Hala ere, iduritzen zait mende honetako bigarren hamarkadatik aurrera, litekeena dela sistema horrek eraginkortasuna galdu izana eta, dagoeneko, demokrazia parlamentarioaren barrenean betiko sistema kolokan jar ditzaketen zantzuak, zantzu xume batzuk bederen, agertzen ari direla.
Azalpen hori aurkitu diot nik azken asteotan ikusten ari garen fenomeno berriari. Santxezen inbestidura dela, edo, gehiago oraindik, Iruñeko udalean iragarritako zentsura mozioa dela, eskuina kalera atera baita mozorrorik gabe. Zertara eta demokrazia parlamentarioaren arauak betez hartutako erabakiak deslegitimatzera eta “antidemokratikoak” direla leporatzera. Antidemokratikoak dira haiek agintea bermatzeko sortutako sistemak dagoeneko ez dielako agintea bermatzen.
Fenomeno berri hau, zer da? Paradigma aldaketa baten hasiera? Sozialisten “desbideratzea” desaktibatzeko estrategia soila? Ez dakit. Baina kontuz ez ote diren haiek ezarritako sistematik kanpoko “iraultza” kontserbadore bat prestatzen ari, beren “demokraziaren” izenean, prefosta.