Mendekuaren logika baztertu beharraz

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko aza. 20a, 15:27

Egun on,
Zuzenbidearen teorikoei galdetuko bagenie, espetxeak eta askatasunik gabeko zigorrek gaizkilearen birgaitze eta bergizarteratzea dutela helburu ihardetsiko ligukete. Gaur egun inork gutxi defendatzen baitu espetxealdia denik egindako kalteagatik ezarri beharreko mendekua. Begia begi truk, hortza hortz truk, eta horrelakoak aspaldi baztertu ziren zuzenbideko teoria orotik, eta horrela jokatzea gizarte atzeratuen ezaugarritzat jotzen dugu gure mundu garaikide honetan. 
Justizia errestauratiboan sinesten badugu, zuzenbidea biktimari kendu zitzaiona ahal den neurrian itzularazteko ahalegina dela argi izan behar genuke eta, bere barkamena jasotzea eta kalte-egilea aldaraztea gure lanaren ardatz bihurtu. Mendeku zigor ororen arrastoak kode penaletatik behin betiko desagerraraziz.
Baina maila teorikoan ontzat ematen dugun ikuspegi hori, lurrera erortzen da agintari batzuk kondenatuak zigor osoak bete behar dituztela aldarrikatzen ikusten ditugunean edo Europako estatuetan bizitza osorako zigorra berrezartzeko asmotan onartzen diren legeak ikustean.
Justizia errestauratiboaren kontrako norabidean doazen bi exenplu argi datozkit orain burura: bat, Botere Judizialeko Kontseilu Gorenak Amnistiaren legearen aurrean hartu duen jarrera; bi, Nafarroako Gobernuak Mikel Antzaren kontrako salaketaren aurrean hartu duena. Bi kasuetan, akusatuaren kontrako mendekua bilatzen da, errestaurazioa  beharrean, eta benetan erakusten zaigu zein urrun gauden oraindik justizia eredu gizatiar batetik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!