Non cogito, ergo sum

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko aza. 13a, 15:12

Egun on,
 Antropologiaren historian gizakia definitzeko galdera etengabe errepikatu da antzinate klasikotik: zer da gizakia? Zerk bereizten gaitu gainerako izaki bizidunetatik? Erantzun ezagunenetako bat Rene Descartesek (Descartes lagunentzat) eman zigun XVII. mendean: “cogito ergo sum”, “pentsatzen dut, beraz, banaiz”. Orduz geroztik gizakiaren ezaugarri nagusia pentsamendua dela ontzat hartu da, eta gizakiok, harroxko, mundua menderatzeko arrazoi indartsu bat genuela aldarrikatu dugu.  
 Baina, garaiak joan garaiak etorri, aspaldi honetan inteligentzia artifiziala zientzia fikzioa izatetik errealitate bat izatera iragan da, eta, gaur egun, makinek autoak gidatzeko ahalmena dute, badakite arazo matematikoak ebazten, ahotsak eta aurpegiak identifikatzen dituzte, merkatu ekonomikoaren gorabeherak aztertzeko gai dira, eta anitz gauza gehiago ere egiten dituzte. 
 Kontua ez da makina inteligenteak datu-base ikaragarri handiak direla, baizik eta gaitasuna dutela datu horiek guztiak erabiltzeko ezagutzaren garapenean aurrera egiteko gizakion laguntzarik gabe. Noraino? Ez dakigu. Baina argi dago orain arte gizakion gaitasuna zena, dagoeneko ez dela.  
Edonola ere, munduari nola doakion ikusita, nik uste aukera baliatu genezakeela gizakiaren izaera adimenaz aparteko beste parametro batzuez definitzeko, erraterako: “sentipenak ditut, beraz, banaiz” edo, beste hau: “nire sen primarioak gainditu eta besteengan pentsatzen dut, beraz, banaiz”. Uste dut mundua gizatiarragoa eginen genukeela gisa horretaz. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!