Egun on:
Ez dakit inpresio pertsonala ote den, baina euskarazko irakurketa loraldi eder batean sartu dela iduritzen zait. Dakigunez, kurtso berriaren hasieran, hurrengo bederatzi hilabeterako desirak eta asmoak abiatzen dira, batzuk helmugara iristeko, maiatza-ekaina aldean, beste batzuk zeharkaldian hondoratuak geratzeko.
Abiatu direnen artean, bozkarioz bete nau ikusteak hainbat lagun euskaldunek izena eman dutela hilean behin liburu bat irakurtzeko, ondoren herriko liburutegian bildu eta elkarren artean gogoeta eginen dutela irakurritako liburua abiapuntu. Ez dakit nola erran, baina euskara erabiltzen dela, euskaraz gogoeta egiten dela eta elkartzeko eta aisialdiaz gozatzeko balio duela jakiteak gure hizkuntza bizirik sentitzera narama, bere benetako izaera, bere izateko arrazoia betetzen duela sinestera. Horrela erakusten da gure hizkuntza zaharra bizirik dagoela.
Horregatik, gaurkoan, nire animoa bidali nahi diet Antsoain, Berriozar, Sanduzelai… eta Iruñerria osoan dagoeneko lehen liburuarekin hasi diren adin guztietako euskaldun horiei: dela Sarrionandiaren “Lagun izoztua”, dela Arkaitz Canoren “Twist”, edo delakoa dela ere eskuartean duten liburua.
Jakin dezatela haien ahaleginak mila aldarrikapen baino gehiago balio duela.