Larrazkeneko sasoi honetan lurrari goldea sartu behar zaio, eta pentzeetako azala eraberritu. Iruñerriko laborariek lan horretan dihardute egun hauetan traktorearekin. Ereintza egin baino lehen, behar da lur lehorra irauli eta aireztatzen uztea; horrela, gero, haziek emankortasun gehiago aurkituko baitute soroen sabelean.
Bizitzaren legea da sasoi batean balio duena erabat aldatu behar izatea hurrengo sasoirako. Eta, printzipio hori aplikatu daiteke, laborantzaz gain, beste aunitz giza alorretara, besteak beste, politikagintzara. Hala ere, gaurkoan bederen, ez dut gaia ur sakonegietara eramanen eta azaleko kontu batean geratuko naiz, jolas arinean.
Horretan gaudela, pasa den udan eztabaida entzun dut Euskal Herriak zein kantu behar duen ereserkitzat hartu, eta hara non, ikusten dut lagun batzuk sutsuki ari direla defendatzen Iparragirreren “Gernikako Arbola”k behar duela izan. Ez dut zalantzan jarriko hautu hori defendatzeko arrazoi historikoa, baina nik, Iruñerriko laborariek bezala, euskal tradizionalismoari goldea pasatzeko tenorea iritsi zaiola uste dut, eta ez dut inondik inora ikusten gaur egun ia inork ezagutzen ez duen eta beste garaiko baloreak defendatzen dituen kantu hori behar dugunik ereserki; hain garrantzitsu bada himno bat izatea, kanta dezagun “Txoriak txori”, Iruñean nola Baionan ezaguna den eta gogoz abesten dena, eta, bide batez, gaur egun, lehen bezala, askatasunaren aldarria gure ezpainetan paratzen duena.