Irudiak gogorrak badira, are gogorragoak dira zifrak: hamar mila lagun pasa hildako, hamaika mila pasa desagertu, hogeita hamar mila larri zauritu… herriak, auzoak, hiriak… suntsituta, urtegiak gainezkatuta, presak apurtuta, errepideak deseginda…
Horrelakoak gertatzen direlarik patu txarrari leporatu ohi diogu hondamendiaren jatorria, izan ere, zikloiak, zabaltzen denean, ez dio begiratzen herri baten aginteari edo populazioaren izaerari.
Baina nik, Libiakoa ikusita, ezin dut ahantzi nola 2011an NATOk gidatutako suntsiketa gerra baten bidez orduko Presidentea hil eta “udaberri demokratikoa”aren izen pean antolatutako talde paramilitar batzuek hartu zuten boterea. Talde horiek, Libiari egonkortasuna eta bakea ekarri ordez, egiturarik gabeko eta lurralde kontrolik gabeko Estatu bihurtu dute. Boterea lau gune nagusitan banatuta dago, zerbitzu zibilak ez dira existitzen, azpiegiturak ez dira zaintzen, populazioak ez du segurtasunik eta mafiak jaun eta jabe dira kostaldean.
Tristea da, baina kaosa eta anabasa dira nagusi Libian, ezer ez da errespetatzen Mendebaldeko multinazional handiei saldutako petrolio-putzuen ordena baizik. Ez dut ezer berririk erraten, Exxom Mobil, Repsol eta horrelakoak kaosaren onuradun nagusiak direla azpimarratzen badut, haien Gobernuen eta nazioarteko instituzio handien onarpenarekin, beti ere.
Badakit hau guztia ez dela berria, geopolitikaren eguneroko kontua baizik, badakit, gainera, mendebaldeko hiritar jatorrok ez dugula oso gustuko mota hauetako albisteak entzutea, baina komeni da noiz edo noiz gogoratzea. Mendebaldeko aurpegi humanista behin eta berriz gogoratu nahi digun propagandaren aurrean, piztiaren beste aldea erakusteko bakarrik bada ere.