Protagoras Iruñeko udalbatzan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko eka. 5a, 11:02

Antzinateko Grezian sofistek mugimendu indartsu bat sortu zuten filosofoen artean, eta Protagoras izan zen haien ordezkari ezagunenetako bat. Erretorikarako trebetasun berezko bat baliatuz, sofismak erabiltzen zituen argumentuak zabaltzeko eta jendea konbentzitzeko.  
Baina jakin behar da sofismak arrazoi edo argumentu faltsuak direla, eta diotenaren haratagoko beste asmo batzuk ezkutatzeko erabiltzen zituela Protagorasek. Pragmatikoa zen eta bere buruari begiratzen zion beste ezeri baino gehiago. 
Mugimendu filosofiko hau desagertuta zegoela uste genuenean, hara non, Iruñean loratu da bat-batean udal hauteskundeen kariaz. Eta aztertzea merezi duten sofisma batzuk zabaltzen hasi dira, arrakasta nahikoaz gainera. Horra hor adibide batzuk: 
Lehen sofisma: “Ni ezkerrekoa naiz, baina ez dut ez Ibarrola ez Asiron alkate izendatuko”. Itxuraz formala iduritu arren, esaldiak tranpa bat darama bere baitan, zeren eta, emaitzak ikusita, ezkerreko indar nagusiaren alde ez egiteak eskuindarraren alde egitea baitakar, eta ezkerrari eragozten dio irabazteko aukera. 
Bigarren sofisma: “Ezkerreko indarren artean adostasunik ez dagoenez, nire burua eskaintzen dut alternatiba gisa”. Argumentuan sakontzen badugu, berehala ikusten da horrelakorik proposatzen duenak batasunaren aukera hautsi duenaren jokaera legitimatzen duela, horretan datza bere tranpa. Eta, bide batez, ezkerreko alternatiba hautsi nahi duenaren zikinkeria baliatzen du bere burua goresteko.   
Dena den, niretzat, sofisma eskandalagarriena hauxe da: “PSN ezkerreko alderdi aurrerakoia da”. Uste dut ez duela azalpenik behar.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!