Gaurko egunean laurogeita bost urte bete dira zazpirehun eta laurogeita hamabost preso errepublikarrek Ezkaba gaineko Alfonso XII gotorlekutik ihes egin zutenetik.
Denboraren poderioz ezagutzen ari diren gertakariaren detaile eta bitxikerien artean bada bat niri bereziki deigarria egiten zaidana: zera, ihesaldia prestatzeko, preso antolatzaileek esperantoa erabili zutela haien artean komunikatzeko.
Galdera da, euskaldun gutxi batzuk kenduta, gainerako preso guztiak espainiarrak baziren, zergatik erabili gaztelania ez zen beste hizkuntza? Agerikoa da: prestatzen ari zirenaz zaintzaile frankistak ez jabetzeko. Izan ere, “esperantoa” XIX. mendean komunista eta anarkista militanteen artean sortu eta zabaldu zen nazioarteko harremanetarako komunikazio hizkuntz artifizial gisa. Zein helburuz? Ba, munduko zapalduek “esperantoa” asmatu zuten, hain zuzen, beste hizkuntzak zapalduko ez zituen nazioarteko harremanetarako hizkuntza bat behar zutelako.
Baina, gaurko urteurrenera itzuliz, erdi egia erdi leienda den uste batek dio Ezkabako presoek, 1938ko maiatzaren 22 hartan, presondegiko atea ireki zutenean, “antauen” ohiukatu zutela ateratzeko deia emateko. “Antauen”, “aurrera” euskaraz, hitz polita eta itxaropenez betea.
Askatasunaren aldeko borrokalari hauei bezala, gaur egungo ezkertiarroi ez gaitu motiborik falta « antauen » oihukatzen jarraitzeko.