Hauteskunde kanpaina bere une gorenera iristen ari den honetan, nabarmentzekoa egin zait eztabaida politikoaren maila eskasa. Salbuespen gutxi batzuk kenduta, idurituko luke inork ez duela nahi politikaz sakonki mintzatu, eta alderdiek sentimentalismoaren bidetik jotzen dutela botoen atxekimendua eskuratzeko.
Nire memoria lausoaren arabera, laurogei eta laurogeita hamarreko garaietan hauteskundeetako eztabaida politikoa politikoegia zen; erran nahi baita, komunismoa, kapitalismoa, Euskal Herriaren askatasuna, Nafarroaren foralitatea… eta kontzeptu potolo eta abstraktu horiek zedarritzen zutela eztabaidaren eremua. Geroztik, pragmatismoa joan zen gutxinaka-gutxinaka gailentzen nork bere izaera politikoa deskribatzeko unean, eta mende honen hasieran benetako programa ederrak eta ongi bideratuak ikusi ahal izan genituen hauteskundeak iristen zirela. Beste kontu bat da, gero, agindutakoa ze neurrian betetzen zen.
Azken hauteskundeetan, aldiz, programak eta proposamen zehatzak bigarren planora pasa dira eta indarra hautagaiengan eta sentipenetan kokatzen da. Beraz, nor den edo nor diren zerrendetako pertsonaiak eta nola erakartzen gaituzten da inportantea. Horrekin batera, sentimenduek bideratzen dute alderdien mezua: ilusioa, etorkizuna, progresoa… baina ahalik eta konkrezio gutxienarekin, beti ere.
Garai bakoitzak badu bere pentsatzeko modua, bizitza irudikatzeko bere irizpidea eta, noski, politikagintza zehazteko bere proposamena. Dagoena ikusita, gaur egun oso garai politiko likidoan bizi garela iduritzen zait niri.