Aralarko aingeruak ez du harrera ofizialik gobernuan

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko api. 24a, 12:36

Denborak aldatzen dira, eta denbora bakoitzak badu bere eginkizuna. Euskaldun fededunaren garaiak aspaldi akitu ziren, kristautasuna erlijio ofiziala izan zenekoa ere akitu zen bezala. Bukatu ziren beraz agintarien arteko ohorezko harrera ofizialak Aralarko aingeruari Nafarroako instituzio publikoetan. Hala ere, badira oraindik aspaldiko tradizioa aldatzeari aurre egiten dioten gotorlekuak. Horra hor Iruñeko Udala edo Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko epaile batzuk, zeinek, harrera jauretxe barrenean egiterik ez zutenez, eraikin aurreko plazan hartu duten irudi santua, berriz ere erakutsiz Nafarroako justiziak ez duela beste kredorik inpartzialtasuna baino. 
 Hala ere, nola ukatu nostalgia egon badagoela, euskaldunontzat bederen, bai. Oraindik oso urrun ez dagoen garai batean, Aralarko bisita baitzen euskara entzun ahal izateko urteko egun bakarra Iruñeko hainbat instituzioetan. Orain euskarak ez du behar santuaren laguntza gure instituzio publiko gehienetan erabilia izateko. Baina honetan ere badira salbuespenak. Eta, kointzidentzia madarikatuak, santuari harrera ofiziala egiten dioten instituzio publiko horiek izaten dira, normalean, euskararen erabilpenari eragozpen gehien paratzen diotenak. 
 Kontraerranak kontraerran, zalantza bat sortu zait gaiaren harira: ez ote du zerbait ikusterik azken urteotako apirilak Iruñeko historiako euri gutxienekoak izateak, Aralarko harrera ofizialaren kontu horrekin?  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!