Frantziskok 10 urte

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko mar. 20a, 12:41

Erakunde handien gobernuetan egon direnek badakite aldaketa sakonak aurrera
eramateko aukerak proportzioan doazela instituzioaren geldotasun-inertzien pisuarekin.
Eliza Katolikoak 17 mende iragan du historian inperio sakro eta boteretsu gisa,
azken urteotan behera nabarmen egiten ari den arren. 2013ko martxoaren 13an Jorge
Bergoglio jesuita argentinarrak Erromako Aulki Santua eskuratu zuela ezagutu zelarik,
ustekabe sinestezina izan zen, inor gutxik espero baitzuen azken mendeetako bi Aita
Santu eskuindarrenen ondoren apez xume eta herritar bat izendatuko zutenik Petri
Apostoluaren oinorde. Baina hala izan zen.
Eta orduz geroztik, Frantziskok, leunki eta zaratarik gabe, Eliza Katoliko handiaren
botere-egiturak aldatzen eta estilo berriko agintariak izendatzen xahutu du astia. Uda
honetan Opus Dei Vatikanoko erabakiguneetatik kanporatzeko ekimena lekuko.
Erran genezake, eta egia da, hamar urtetan Frantziskok gauza gehiago egin
zitzakeela, besteak beste, emakumea Elizaren barrenean toki duinago batean kokatzeko,
apezei zelibatoa kentzeko, apez pederastak zigortzeko eta abar. Nik uste dut urratsak
eman dituela horretan, baina, bere lanaren emaitzak aipatu nahi baditugu, erran beharko
genuke Frantziskok oinarriak ezarri dituela Elizaren egitura zikinak garbitzeko, barne
botere interesatuak baztertzeko, instituzioa munduko potentzia handien interesetatik
bereizteko, eta klase sozial pobreenei duintasuna emateko. Historiako Aita Santu
mediatikoena ez izan arren, ez da gutxi bada Frantziskok 10 urtetan egin duena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!