Ez da txantxa “bai bakarrik da bai” legearen kontura zabaltzen ari den nahasmendua.
Informazio uholdea kontrastatu ondoren nik ikasi dudana zera da, legeak emakumeen kontrako sexu-erasoak birsailkatu egiten dituela, eta zigorra merezi duten jokaeren zerrenda handitzen; noski, horretarako, aurreko araubidea aldatu behar izan du, eta lehen delitu-klase batean sartzen ziren eraso batzuk orain beste sail batean sartzen dira.
Horren harira, epaile kontserbadore batzuek aukera baliatu dute hainbat epai zaharrak berrikusteko, eta zigor batzuk murrizteko. Baina kasu egin zenbakiei: zigorra murriztu zaienen kasuak ez dira ailegatzen errebisatu direnen %10 izatera, eta zigor-murrizketak ere txikiak dira, bi urtekoak altuenak, eta hori 10 urte baino gehiagoko zigorren kasuetan.
Hala ere, trataera mediatikoari erreparatzen badiogu, idurituko luke bortxatzaile guztiak kaleratzeko bidean jarri direla lege honi esker.
Gertatzen ari denaren aurrean nik bi gauza ditut nahiko argi:
Lehena: eskuin politiko, judizial eta mediatikoaren kanpaina ez dela egiten feminismoaren alde, elkarren artean konfiantza gutxi dutenen gobernu ahul bati kalte egiteko baizik.
Bigarrena: delitua edozein dela ere, zigortuen kartzela-garaia handitzea ez dela inoiz konponbidea, eta justiziak mendekua baino bergizarteratzea eta biktimari sortutako kaltea erreparatzea izan behar dituela helburu.