Carlos eta Sergioren biografiak elkarren ondoan paratuko bagenitu, berehala
atzemanen genuke ibilbide paraleloak dituztela. Hasteko, biek politikaren deia sentitu
zuten unibertsitatean eta “Nafar Gazterietara” afiliatu ziren, UPNko gazteen taldera,
alegia. Nor bere garaian, gazte talde horren buru izan zela. Behin ikasketak bukatuta,
alderdiak zinegotzi lana egitera bidali zituen Iruñerriko udalerrietara, bat Barañaina eta
bestea Berriozarrera, politikaren auzi zailetan trebatzen ikasteko.
Carlosek 23 urte zituen Nafarroako Parlamentuan hasi zenean, eta 7 legealdi
eman ditu bertan, 2019an Kongresura joan baino lehen. Sergiok 3 legealdi egin ditu
Nafarroan eta Kongresura joan da gero, Carlosekin. Ez da ezagutzen beste lanbidetan
aritu direnik.
Denbora horren guztian, baten zein bestearen mintzaldietan gai nagusi batek ito
ditu gainerakoak: ETA eta indarkeria, eta onartu behar zaie limoi horri zeukana baino
zuku gehiago ateratzeko abilezia erakutsi izana.
Duela urte bat, etorkizun hurbilean UPNko gaur egungo presidenteak ez ziela
politika kargu handietan jarraitzen utziko susmatuta, aitzakia bat bilatu zuten alderditik
alde egiteko, hori bai, biktima itxura emanez. Orain sarrera eskatu dute PPn eta, nork eta
Amelia Salanuevak, bere garaian UPNtik alde egindako beste kargu-ohi batek, egin die
harrera.
Zer erran? Nire aldetik, eta fitxaje berriak ikusita, Nafarroako PPri zorionak baino,
doluminak ematea da ateratzen zaidana.