Ilarak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2023ko urt. 9a, 08:19

Eguberri hauetan deigarri egin zait gizabanako multzoen bilketak prozesioan ikustea, zerbait edo norbait ikusteko irrikan betiere. Besteak beste, ilarak osatu dira hildakoei azken agurra emateko, Pelé, Benedikto XVI.a eta Nicolás Redondo, errate baterako. 
 Gogoeta eginez ondorioztatu dut agur jendetsu horiek pertsona baino ikurra ohoratu nahi dutela. Horrela, Peléren hil-kapera bisitatu dutenek garai bateko futbola lukete gogoan, negozio basatia bihurtu aurreko kirola zeneko garai hura; Benediktori Eliza handiaren nostalgikoek egin diote bisita, katolikoen instituzioa munduko gorabehera handietan iritzia eta parte zeneko hura; eta Nicolas Redondori saldu gabeko sindikalismo baten ameslariek, sindikatuek haien kuadroen statusa bermatzeko baino langile klasearen alde egiten zutenekoa.
 Nafarroan ere ilarak egin ditugu, ez ordea hildako bat gurtzeko, duela 22 mendeko brontzezko esku bat ikusteko baizik, euskarazko lehen hitzak idatziak dituelako. Kasu honetan euskara goratu nahi lukete, baina, zoritxarrez, ilaran zeuden gehienak erdaraz ari omen ziren, barra-barra. 
 Hori ikusita argi dut zein den nire agiantza urte berrirako: euskara ez dadila hil esku batean edo museo batean hertsita, eta denok gogora dezagula, norbaitek erran zuen bezala “hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakigunok erabiltzen ez dugulako baizik”.   

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!