Itsu samar egon behar da ez ikusteko eskuin eta zentro-ezker zentralistek euskara jarri dutela heien jarduera politikoaren jomugan azken bolada honetan. Duela urte batzuk arte euskarari nolabaiteko onarpen teoriko bat erakusten bazioten, gaur egun, eremu publiko eta pribatu guztietatik ezabatzeko gurutzadan sartuta dabiltza buru-belarri.
Dirudienez, konturatu dira euskararen ezagutza zabaltzen den tokietan heien aldeko atxekimendua gutxitzen dela nabarmen botoak eskuratzeko tenorean.
Erasoa ez da txantxa. D eredua zabaltzeari ahalik eta muga gehien ezartzetik, Administrazio Publikoan nabarmenki murriztera iragan dira orain, eta eremu mistoko udal langile euskaldunak kontratatzeari beto jarri nahi diote. Lan horretan alderdi zentralistak ez daude bakarrik, betiko komunikabide euskarofoboei, UGT edo CCOO bezalako sindikatuak gehitu behar zaizkie; eta, azken honetan, balirudike Nafarroako Auzitegi Administratiboa bihurtu dela abanguardia euskararen kontrako borrokan.
Bizkitartean, ez du ematen alderdi eta sindikatu euskaltzaleek gaiari lehentasuna ematen diotenik. Erraterako, PSNk iragarri berri du 2023ko aurrekontuen lege-proiektua adostu dutela, besteak beste, Geroa Bai eta EHBilduko botoei esker aterako da, eta, aurrerapenak ikusita, ez dirudi euskara izan denik negoziazio-ardatzetako bat.