Sanfermin bezperako asteotan galdera bera datorkit burura urtero: nola da posible urtean zehar hain kontserbadore eta zozoa den hiri bat, urtean behin, goitik behera desitxuratu eta forma eta sentipenetan errebelde eta urratzaile bihurtzea?
Izan ere, Sanferminetan kontserbadorea aurrerakoi bihurtzen da, klasista solidario, erreprimitua libertino, boutiqueko pijoa peñetako kide eta urte osoan zehar ondokoari izorratzen diona jator eta lagun. Eta hori gutxi balitz, arazoak sortzen badira: “San Fermin, San Fermin oihukatu edo Aupa Osasuna hitz magikoak bota, eta etsai oro adiskidetzen da”.
Iruñerritarrok, iruindarrak baino zuhurragook alegia, hurbiletik ezagutzen ditugu gure auzokideak eta badakigu ez dela hainbesterako; erran nahi baita, Sanferminetan zabaltzen den iruindarren antzaldatze magiko hori, mozorro bat baino ez dela, zapi gorria bezain faltsua. Eta ezer ez dela itxuraz ematen duena.
Horregatik beharbada, eta urteotan gora noalako ere bai, pandemia ondoko urte honetan izugarri disfrutatzen ari naiz Sanfermin aurreko giroaz, leherketa baino lehenagoko espektatibaz; hain segur, itxaropena ezin daitekeelako kutsatu.
Dena den Sanferminen magian sinetsi ala ez, herriko festetan disfrutatu ala ez, uda on bat pasa ezazue. Ongi izan.