Iruñerria latz honetan badira gauza batzuk aldatzen ez direnak, zeinak betidanik hemen egon eta txikitako garaietatik gogoratzen baititugu. Horietako bat: Iruñeko liburu azoka.
Aurreko astean, Gaztelu plazatik liburu miaketan nenbilela, garai bateko liburu-denden izenak gogoratzera jolastu nintzen: “Manantial”, “El parnasillo”, “La casa del Maestro”, “Libreria Universitaria”, “Gómez”… bezalako izenak etorri zitzaizkidan. Instintiboki bila hasi nintzen, baina ez zeuden. Dirudienez denak desagertu dira, garai berriek eraman dituzte. Baina azokak hor dirau, heien ordez, beste batzuk sortu baitira: “Katakrak”, “Elkar”, “La Valeta”, “Muga”…
Kuriosoki, desagertu diren horietako gehienek gaztelaniako izena zuten eta, gogoratzen dudanez, erdarazko liburuak saltzen zituzten; aldiz, berrietako anitzek, izen euskalduna dute eta euskarazko literatura eta liburuak eskaintzen dituzte, erdarazkoekin batera, naski. Oharpenak gogoetara eraman ninduen: “eta liburugintzan irauteko sekretua euskaraz gehiago argitaratzea bada?”.
Gauzak ez daitezkeela horren errazak izan nenbilela, hara non, “Abartzuza” liburu-dendaren standekin topo egin nuen. Hain zuzen, garai batekoa izanik betidanik euskarazko liburuak oparo eskaini, eta gaur egunera arte iraun du. Aurkikuntzak nire zalantza guztiak argitu zituen.