Mila bederatziehun eta hirurogeita hamabian, Barañain inguruan zegoen txabolismoa ikusita, lagun batzuek antolatzen hasi eta Emausko traperoen filosofia hartuta talde bat sortu zuten Iruñerrian, eskualde industrializatu berriko desberdintasunen kontra borrokatzen hasteko.
Orduz geroztik, beti filosofia berari atxikituak, Nafarroako Emausko Traperoek milaka lagunei lanpostu bat eman eta pobreziatik ateratzeko bide duina eskaini diete. Kooperatiba sozial baten moduan funtzionatzen dute, langile guztiek soldata bera eta ordu kopuru bera lan egiten dutela, ingurumenari kalte egin ordez, birziklatzean zentratzen dira, etekinak lortzen badituzte integrazio sozialerako proiektuetan inbertitzen dituzte, ekonomia soziala bultzatzen dute.
Hala ere, berrogeita hamar urte hauetan inoiz ez diete eman ez enpresa ereduaren saria, ez enpresari gazteen saria, ez Karlos III.aren domina, ez botereak banatu ohi dituen pitokeria horietako bat ere. Egia erran, ez dute behar. Herri xumearen sostengua dute eta Nafarroako jende apalaren txaloa. Nahikoa eta sobera errekonozimendua izateko.
Zorionak Emausko Traperoak!!