Apirileko elurra

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Lasa 2022ko api. 4a, 12:41

Lekuz kanpo, orduz kanpo, ustekabez, maitasun debekatuaren gisan, aspaldi ikusi gabeko laguna bezala etorri da gurera, inork espero ez duenean, lurrek eta nekazariek euri xehearen zain daudela, bihotzak beroaren eta izpirituak bazkoaren zain.
Ohantzetik atzarri eta burusi zuria ikusi dugu plazaren estalki, paisaiaren edergailu, gauzen logika hautsi daitekeela gogoratuz, instant batez.
Eta etorri bezala joan da, bisita laburra egin ondoren, ederrena ez delako behin betiko, nahiz beti egon. Izar usoek bezala, bisita egiten du noizbehinka, infinitua existitzen dela gogoratzeko, nahiz une oro ezin dastatu.  
Egun berean Korrika ere etorri da gurera, maitasun debekatuaren gisan, aspaldi ikusi gabeko laguna bezala. Eta euskaraz blaitu dizkigu plazak eta karrikak, soroak eta bideak, ez daitekeela euskaraz bizi sinestera hasiak geunden unean. Ohantzetik atzarri eta ingurua euskaraz ikusi dugu, ahaideak, lagunak, lankideak… 
Eta etorri bezala joan da Korrika, bisita laburra egin ondoren, ederrena ez delako behin betiko, baina infinitua existitzen dela gogoratu ondoren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!