Gerra baten ankerkeriak amorrua pizten duela ulergarria da, baina horrek ez du erran nahi bururatzen zaigun lehen gauza botatzeko eskubidea dugunik, gutxiago oraindik gure hitzek oihartzun zabala badute.
Azken egunotan, Errusiaren eta Ukrainiaren arteko gerra dela eta, astakeria batzuk entzun ditut eta uste dut gerra ez dela aitzakia inork horrelakorik botatzeko. Horien artetik handiena, nire ustez, NATOren interbentzioa eskatzea da. Akaso ahaztu zaigu NATOk Afganistanen, Sirian, Yugoslabian, Somalian eta munduko beste bazterrotan egin duena? Zenbat hildako zibil eta errugabe eragin duen bere historia ankerrean zehar?
NATO Mendebaldeko blokeak mundua bere menpe mantentzeko egitura militarra da, ez du jatorri bakezalea, kontrakoa baizik, eta bere existentzian zehar ez dio munduari ezein onurarik ekarri.
Nik, beti bezala, gerra honen konponbidea elkarrizketa eta parte guztien eskakizunen onarpena dela uste dut, Donietsk eta Luganskeko errepublikena barne. Baina, noski, hori zailagoa da ulertzeko indarkeriaren erabilera baino, eta norberaren interesei uko egitea eskatzen du.