Hondakinen kudeaketa ekologikoan mailak daude. Lehena, hiritarroi dagokigu zuzenean, zabor mota diferenteak bereizi eta zein bere edukiontzira botatzea.
Bigarrena tokiko administrazioari dagokio, gure kasuan Iruñerriko Mankomunitateari. Edukiontzietako hondakinak hartu, bigarren bereizketa egin, eta baliatu daitekeen guztia sailkatu beste erabilera bat emateko, planta batean erre edo zabortegi batean lurperatu aitzin.
Iruñerrian gaurdaino eskas gabiltza bigarren maila horretan, eta, ondorioz, hondakin gehiegi lurperatzen da Gongorako zabortegian. Horri buelta emateko, Mankomunitateak Hondakinen Tratamendurako Zentro bat du helburu, erakundearen proiektu inportanteena legealdi honetan.
Alta, duela egun batzuk, proiektuak kolpe bat jaso du, Nafarroako auzitegiak atzera bota baitu “prozedura akats bat dela eta”, Navarra Suma koalizioak ezarritako salaketa onartuta.
Nafarroako eskuinak zaborren kudeaketa hartu du arma elektoral gisa, duela bi legealdi Gipuzkoako eskuinak egin zuen bezala; hemen, gainera, Estatuko auzitegi kontserbadoreenen laguntzarekin jokatzen du. Jokabide indibidualen erosotasuna, ongizate komunaren gainetik; proposamen bera beti.