“ Nire amonaren etxean nengoen nire amaren bila etorri zirenean. Ez ditut inoiz ahaztuko oihuak, garrasiak, beldurrez betetako nire amaren aurpegia… –bere begietatik ezpainetara bidean ziren malkoak eteteko gelditu da, airea hartu eta horrela jarraitu du– Bi ziren, ez ditut haien aurpegiak gogoratzen, baina, ez nituen ezagutzen, poliziak ziruditen eta nire aitari buruz galdetzen ari ziren. Nire ama mutu zegoen, orduan larru-arras moztu zioten ilea, haren ahoan sartu, eta etxetik eraman zuten –berriro ere pausa bat egin du, oraingoan nire amonaren eskua hartzeko– Bakarrik geratu ginen. Nire anai-arrebak besarkatu nituen nahiz eta ni haiek baino ikaratuago nengoen. Amaiezinak izan ziren ordu batzuk igaro eta gero, bi gizonek nire ama gure aurrean lurrera bota zuten, segituan alde egin zuten, ezer esan gabe. Nire ama odolez zipriztinduta zegoen. –isilune bortitza oraingoan– Urte batzuk geroago, helarazi zidaten nire ama herri osoan zehar arrastaka eraman zutela, nire aita bere ezkulekutik atera nahian, baina alferrik izan zen, nire aita mendian zegoelako lanean.”
Nire aitonari eskua eman diot, biak negarrez gaude.
Begietara begiratu diot, denborarekin galduko diren milaka istorioen lekuko izan diren begi urdin horietara. Orduan konturatu naiz ikusten dudana ez dela sufrimendua, argia dela, zulo beltzetik atera den norbaitek duen indarrak pizten duen bizitzeko gogoa dela. Momentu horretan ulertu dut begi horien barruan dagoela benetako historia.
Benetako historia ez dago liburuetan, pertsonengan dago, sentimenduz, ikaraz, bizipenez beteta dauden oihartzunik gabe geratuko diren borrokalarien ahotsetan.
Badirudi gizarte honentzat hilda daudela frankismo garaiko gertakizunak, badirudi beldur ematen digula iraganari, errealitateari, begietara begiratzeak, badirudi gerra zibilean hil ziren pertsonen gorpuen azpian lurperatu nahi ditugula oraindik bizirik dauden pertsonen bizipenak…
Bada garaia esnatzeko, akatsetatik behingoz ikasteko, bizi izan zutena entzuteko, ezer gehiago ez ezkutatzeko…
Aitona, zu zara nire historiaren parte, eta inoiz ez ahaztu goian dugun itsaso urdin horretan dauden izarretako bat bihurtzen zarenean, hemen, zure historiaren dirdirak betirako iraungo duela.
Uxue Serrano Urdin