Soinurik gabe geratzen diren iritziak, itotzen diren oihuak, ematen ez diren besarkadak, gure buruan soilik bizi diren ideiak, txorien hegaletan ihes doazen agurrak, eztarrian trabatuta gelditzen diren maitasunezko hitzak… Hau hasiera baino ez da, esaten ez ditugun gauzen zerrenda bukaezina da eta.
Zergaitik ez ditugu esaten? Galdera honen erantzuna badakizu, denok dakigu. BELDURRA da, hitz potoloa, ezta? Esanahiz betetako hitz txiki baina handi honek eztarria airerik gabe uzten du, gure ahotik atera nahi duen musikaren pentagrama isilunez betetzen du.
Baina BELDURRAK inoiz ezagutuko ez dugun etsairik boteretsuena izaten du inguruan, AUSARDIA!
AUSARTAK dira altxatu eta denok berdinak garela esan zuten lehendabiziko emakumeak.
AUSARTAK dira bizimodu hobea lortzeko itsasoa zeharkatzen duten indigenak.
AUSARTAK dira gauza berriak esaten eta ikertzen dituzten zientzialari zoroak.
AUSARTA da maite duen pertsonari sentitzen duen guztia helarazten diona.
AUSARTA da azkeneko agurra emateko gai den pertsona.
Batzuetan, giltzapean gordetzen duguna ateratzean, ez da dena perfektua izango, ez da dena ongi aterako, hori ezin dizuet ziurtatu.
Baina hartu arriskua, zure etxe ondoan dagoen mendira igo eta biluztu, sentitzen duzun guztia oihukatu, maite duzun neskarekin geratu eta dena kontaiozu, beti hor dagoen lagunari inoiz eman ez diozun besarkada emaiozu, ziurtasun osoz kontatzen dizutena jarri zalantzan…
GOZATU, OIHUKATU, AUSARTU, MUXUKATU, BESARKATU, BORROKATU… Beti errespetuz, oroitu zure askatasuna bestearen askatasuna hasten den tokian bukatzen dela, baina inoiz ez zaitez geratu zer gertatuko litzatekeen jakin gabe.
Uxue Serrano