Mugimendura hurbiltzen diren lagunei gizarte mugimendu honen berri eman eta bere ezaugarri zein oinarrien gaineko informazioa eskaintzeko sortu da gida. Gidaren hitzaurrean esaten den modura, “mugimendura hurbiltzen den ororentzako bide-orritxo bat izateko asmoz” egin da. Beraz,
gida egokia izan daiteke elkarteetako zuzendaritza eta lantaldeetan ari diren lagunentzat, lantalde profesionaletan ari direnentzat edo oro har, mugimenduko bazkide eta kolaboratzaileentzat.
Aspaldiko asmo bati erantzunez sortu da gida eta hiru ataletan banatu dira bere edukiak. Lehen zatiak “Euskaltzaleen topaguneak herriz herri” izenburua du eta bertan jasotzen dira euskaltzaleen elkarteen izaera, ezaugarri eta funtzionamenduari buruzko hainbat datu. Bigarren atalean berriz, mugimenduaren gainekoak lantzen dira (tamaina, eginkizunak, jarduera,…) “Euskaltzaleen Topagunea: euskararen lurralde guztietan” izenburupean. Hirugarren atalean oinarri teorikoa landu da, euskaltzaleen mugimenduaren pentsamendurako iturri teoriko nagusietako batzuen erreferentziak jaso dira “Lanean jarduteko oinarri teoriko hainbat” atalean.
Hurrengo egun eta asteotan jasoko da gidaren bertsio inprimatua euskaltzaleen elkarteetan eta aurrerantzean aukerak egongo dira hala nahi den eskualdeetan aurkezpenak edo lan-mintegiak antolatzeko.
Gida webgune honetan ere eskuratu daiteke formatu digitalean (pdf) .