Igoeraren ametsa, bizi-bizirik

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016ko eka. 7a, 08:44

Latz sufrituta bada ere, Osasuna playoffean da. Liga txapelketako azken jardunaldian dena alde atera zitzaion. Oviedori 0-5 irabazteaz landa, gainontzeko zelaietan komeni zitzaizkion emaitzak eman ziren. 

Egindako denboraldiaren ostean, Osasunak ez zuen promoziotik kanpo gelditzerik merezi. Huescaren aurkako porrotaren ostean bazirudien hala gertatuko zela, lehenengo seien artean gelditzea jada ez baitzegoen gorritxoen esku. Oviedon irabazi beharra zuten, eta hori gutxi balitz, beharrezko zuten aurretik zituzten taldeek huts egitea, beti ere gol averageak kontuan izanik. Erronka zaila zen, baina iragan sasoiko azken neurketan nafarrek ongi baino hobeto erakutsi zuten futbolean ezinezkorik ez dagoela. Kasu hartan egoera zeharo ezberdina zen: 2B mailara jaistear ziren, 2-0 ari baitziren galtzen Sabadellen aurka. Haatik, beren aukeretan sinisten jarraitu zuten, ez zituzten besoak jaitsi, eta azkenean miraria gauzatu zuten.

Bada, joan zen igandean antzeko zerbait gertatu zela esan daiteke. Egoera ez zen inondik inora Sabadellekoa bezain dramatikoa, baina kasu honetan ere mirariaren beharrean ziren gorriak. Esperantzara kondenaturik zueden, Oviedori irabaztearekin ez baitzuten aski: hirugarrengoen emaitzak aldekoak izatea behar zuten. Irratiari eta mugikorrari pega-pega eginda egoteko eguna izan zen. Bigarren zatian, minutuek aurrera egin ahala, zaleek igoeraren ametsa geroz eta lausoago zekusaten (Cordobak Almeriari sartu zion golak promoziotik kanpo uzten zituen nafarrak), baina Gironak 86. minutuan sartutako golari esker Martinen taldeak balentria gauzatu zuen. Promozio postuetan sartu ziren, Alcorcon eta Zaragoza atzean utzita.

Gorrien partida kolore bakarreko lehia izan zen. Osasuna hasiera hasieratik garaipenaren bila irten zen, hiru puntuak lortuta playoff postuetan sartzeko aukera asko izango zituenaren jakitun. Oviedo, ordea, lehiarako asmorik gabe atera zen Carlos Tartiereko berdegunera. Promozioan sartzeko aukerarik jada ez zutela, David Genereloren jokalariek  Osasunari nahi zuen guztia egiten utzi zioten. Egoera horretan, gorritxoek gozatua hartu zuten, denbora guztian asturiarren zelaian aritu baitziren jokatzen. Lehen gola Kenan Kodrok sartu zuen, 37. minutuan, Roberto Torresen erdiraketa bat probestuta. Huescaren aurka partida nahiko ona jokatu ostean, donostiarrak sasoiko dagoela erakutsi zuen Oviedon, gola sartzeaz gain, asko parte hartu baitzuen gorrien jokoan. Playoffei begira haintzat hartzeko jokalaria izango da.

Gauzak horrela, bigarren zatian nafarren gol festari bide eman zitzaion. 2-0ekoa atsedenetik itzuli eta berehala iritsi zen. Golegilea Roberto Torres izan zen, 11 metrotatik hutsik egin ez zuena. Hirugarrena Torresek berak egin zuen, Esteban atezainaren gainetik baloia maisuki loratuz. Laugarrena 86. minutuan iritsi zen (Gironak orduantxe sartu zuen gol erabakigarria), Oierren bidez, eta partidaren hondarrean Urko Verak bostgarrena egin zuen. Behin promoziorako sailkapena ziurtatuta, zoramena zabaldu zen jokalari eta zaleen artean. Merezi zuten: jokalariek, denboraldi aparta egin dutelako, baldintza benetan zailetan; eta zaleek, taldeari  baldintzagabeko leialtasuna erakutsi diotelako, beste behin ere. Sari aparta, baina oraindik are hobea izan daitekeena. Igoeraren ametsa bizi-bizirik dago. Gozatzeko unea da.

Kazetaria: Eñaut Agirrebengoa Apaolaza

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!