Solbentziaren garaipena izan zen Osasunak igandean lorturikoa. Baloiarekin joko eskas antzekoa egin zuen, gol aukerak nekez sortu zituen, baina defentsako lan sendoari eta arerioaren opari bati (akats galanta egin zuen Dimitrovic atezaiank) esker garaile irten zen Santo Domingotik. Valladolidi irabazi ostean gorritxoek bigarren garaipena nahi zuten erreskadan. Jakitun ziren Alcorconen zelaia plaza ezin zailagoa zela hiru puntuak eskuratzeko, denboraldi honetan madrildarrak soilik behin baitziren etxean galdutakoak. Haatik, gorritxoak sasoiko eta anbizioz beterik iritsi dira azken txanpara, eta igandean hori ondo baino hobeto erakutsi zuten, Juan Ramon Lopez Muñizen taldea mendean hartuta.
Bi taldeek kontrako planteamenduak erabili zituzten. Alcorcon hasiera hasieratik erasora irten zen, Osasunak sendotasun defentsiboa lehenetsi zuen bitartean. Martinek bosteko defentsa (printzipioz laurekin jokatu behar zuten, baina azkenan Pucko ere defentsa lanetan aritu zen) eta euskarri bikoitza (Merino eta Manuel Sanchezek osaturikoa) zelairatu zuen, arerioaren erasoko jokoa behar bezala eusteko asmoz. Alcorconek hegaletatik min handia egin zion Osasunari, baina atzelari gorritxoek oro har partida txukuna jokatu zutela esan daiteke. Arean ez zuten kasik akatsik egin, eta hori funtsezkoa izan zen norgehiagoka irabazteko.
Partidari Alcorconek martxa bat gehiagorekin ekin zion. Gorritxoak lokartu antzean zeudela, etxekoek zazpigarren minutuan lehen gola sartzeko aukera polita izan zuten, baina atzokoan gorritxorik onena izan zen Nauzetek behar bezala erantzun zuen. Jokaldi horren ostean Osasuna esnatu, eta neurketa orekatu egin zen. Alcorcon arriskua hegaletatik sortzen saiatzen zen, nafarrek behin eta berriz Ninori bilatzen zioten bitartean. Gauzak horrela, 20. minutuan Roberto Torresek gorritxoen lehen gol abagune garbia izan zuen, Puckoren erdiraketa bat buruz errematatu zuenean. Alabaina, Dimitrovicek geldiketa on batekin erantzun zuen.
Lau minutu geroago, aitzitik, Alcorconeko atezainak sekulako hanka sartzea egin zuen: baloia aldentzera zihoala kale egin, eta lehen gola oparitu zion Osasunari. Hortaz, gorritxoak ia nahigabe aurreratu ziren markagailuan. Ordura arte erasoan gauza handirik egin gabeak ziren, baina Dimitrovicen akatsak garaipenaren bidean jarri zituen. Jokaldi hori guztiz erabakigarria izan zen, bai azken emaitzari dagokionez, baita hortik aurrera talde bakoitzak hartutako jarrerari dagokionez ere. Izan ere, golaren ostean nafarrek ekimen guztia madrildarren esku utzi zuten. Errenta defendatzea besterik ez zuten nahi gorritxoek.
Atsedenera iritsi aurretik Alcorconek banakoa egiteko hainbat abagune izan zituen (garbienak Campañak eta David Rodriguezek izanikoak), baina ate aurrean ez zuen eguna talde madrildarrak. Atsedenaren ostean gidoiak bere horretan jarraitu zuen: Alcorcon erasora, eta Osasuna atzean sartuta. Nafarrek bigarren zati ia osoa beren zelaian sartuta igaro zuten, markagailuari eustea jomuga. Sufritzea tokatu zitzaien, batez ere Alcorconek hegaletik egindako barneraldietan. Dena den, minutuen joanarekin batera madrildarren erasoa itzalduz joan zen. Collantesi txinparta itzali egin zitzaion, eta etxekoen asko nabaritu zuten. Geroz eta gehiago kosta zitzaien kanpokoak estutasunetan jartzea.
Zernahi ere, 77. minutuan berdinketaren gola sartzeko aukera ezin garbiagoa izan zuten. Mayorrek area barruan buruz errematatu zuen, baina ezin izan zuen Nauzet gainditu. Geldiketa ikusgarria egin zuen kanariarrak, Osasunari hiru puntuak emanez. Urrearen balioa duten hiru puntu, hauei esker gorriak berriz ere zuzeneko igoeraren lehian sartu baitira.