Puntu gazi-gozoa

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016ko api. 7a, 08:09

Girona-Osasuna (0-0)| Gorritxoek berdinketa eskuratu zuten arerio zuzen baten aurka.

Bi taldeek aukera garbiak izan zituzten hiru puntuak eskuratzeko, baina ate aurrean kamuts ibili ziren. Osasunaren abagunerik garbiena Roberto Torresek izan zuen, neurketa amaitzeko lau minutu falta zirela baloia zutoinera bidali zuenean.

Gozotik duen bezala, gaztik ere badu igandean Osasunak Montilivi futbol zelaian lorturiko puntuak. Minutu askotan Gironak estu hartu zuen; talde kataluniarrak golak sartzeko abagune garbiak izan zituen, baina ez zuen Nauzeten atea zulatzen asmatu. Hori ikusirik, berdinketa ontzat eman daiteke. Haatik, bigarren zatian gorriek pare bat gol aukera ezin garbiago izan zituzten. Garbiena Roberto Torresek partida amaitzeko lau minutura izan zuena: Arrekoak, atezainaren aurrean bakar bakarrik zela, baloia zutoinera bidali zuen. Hortaz, lorturiko puntuak mikatzetik ere izan zuen, batik bat lehen zatian une oso txarrak igaro arren, partidaren azken minutuetan hiru puntuak eskuratzeko aukera garbiak barkatu baitzituzten.

Teneriferen aurka hutsean berdindu ostean, Martinek bi aldaketa egin zituen hasierako hamaikakoan: Manuel Sanchez euskarrian kokatu zuen, eta Buñuel, berriz, hegalean. Sistema taktikoan, ordea, ez zuen ezer aldatu, berriz ere bost defentsako sistemaren alde egin baitzuen apustu. Taldeari izugarri kosta zitzaion partidan sartzea. Erritmorik gabe zelairatu zen, eta okerrena zera da, txakalaldia ordu erdiz luzatu zela. Erasoko gizonek ez zuten baloia tentuz jokatzen asmatu, eta defentsek ez zuten behar besteko sendotasunik erakutsi. Horrela, partidako lehen 30 minutuetan Girona nagusi izan zen. Erasoan hegaletatik sartu eta sartu aritu zen, bere jokalarien abiadura eta Osasunako hegalen hauskortasuna probestuta.

Gorritxoek minutu oso zailak igaro zituzten, baina beren zorionerako arerioak ez zuen gola egiten asmatu. Gironak bi aukera ezin garbiago izan zituen markagailuan aurreratzeko: lehena Nauzeten irteera negargarri baten ostean (kanariarrak hutsune handiak airez doazen baloiak hartzeko), eta bigarrena Miguel Flañoren aldentze bat zutoinera joan zenean. Gauzak horrela, lehen zatiko azken minutuetan nafarrak suspertu egin ziren, eta Gironaren area arriskuz zapaltzeari ekin zioten. Erasoko jokaldietan protagonista nagusia Alex Berenguer izan zen. Pare bat aukeratan area barrura arrisku handiarekin iritsi zen, baina ez zuen jaurtitzerik lortu.

Atsedenaren ostean Osasunak hobetuz jarraitu zuen. Minutuek aurrera egin ahala gorriak geroz eta erosoago zeuden. 49. minutuan Torres Isaac Becerra ezustean arrapaztear izan zen, baina Gironako atezainak Arrekoaren urruneko jaurtiketa nola edo ahala gelditzea lortu zuen. 4 minutu geroago aukera are garbiagoa izan zuten, Urko Veraren jaurtiketa Gironako defentsa batek gol marran gelditu zuenean. Gorritxoek ordura arte izandako abagunerik garbiena eduki zuen Barakaldoko aurrelariak, baina odol hotz falta medio, ez zuen jokaldia behar bezala amaitzen asmatu.

Dena den, Osasunaren oldarraldiak  ez zuen Girona beldurtu, eta katalanek gola bilatzen jarraitu zuten. Horrela, Urko Veraren aukera garbiaren ostean etxekoek gora egin zuten, eta hainbat alditan markagailuan aurretik jartzear izan ziren. Geldikako jokaldietan asko sufritu behar izan zuten nafarrek. Dena den, Gironaren azken erasoalditik bizirik irtetea lortu zuten. Areago, azken minutuetan hiru puntuak zakuratzear izan ziren, Roberto Torresen aukera medio, baina orduan ere ez zuten baloia sarera bidaltzen asmatu. Golarekin etsaituta ibili ziren bi taldeak partida osoan, eta azkenean puntu banaketarekin konformatu behar izan ziren.

Berdinketak Osasunarentzat sailkapenean izandako eraginari erreparatuz gero, gauzek antzeko jarraitzen dutela esan daiteke. Gorriak uneon 7. dira, 6. eta 5. diren Alcorcon eta Cordobaren puntu kopuru berarekin (48). Zuzeneko igoera postuei begiratuta, bigarren den Leganes 6 puntura dute, eta lider den Alaves, bere aldetik, 8ra. Bi hauekiko aldea nahiko handia da, baina denboraldia amaitzeko oraindik 10 jardunaldi falta dira, beraz, oraindik ezin daiteke ezer baztertu. Sailkapenean behera egitea ere ez. Izan ere, atzetik dituen taldeak gertu baino gertuago ditu: puntu kopuru berarekin da Elx, bi puntura ditu Zaragoza eta Lugo, eta hirura Girona, Valladolid eta Tenerife. Hortzak estutzea dagokio, hortaz, Martinen taldeari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!