Talde nafarraren planteamenduak lehenengo zatiko azken minutuetara arte iraun zuen, Leganesek geldikako jokaldi batean arratsaldeko lehenengo gola egin arte. Bigarren zatia hasi bezain pronto Manuel Sanchez Osasunako erdilariak ikusitako bigarren txartel horiak partida asko okertu zuen. Osasunak ez zuen neurketa osoan behin ere jaurti hiru zutoinen artean. Porrot honen ondotik, denboraldi osoan lehendabiziko aldiz, Osasuna igoera zuzeneko eta promozio postuetatik at geratu da.
Mendizorrotza, Toralin, Anduva, Butarke eta deja vu sentsazioa. Lau zelai horietan jokatutako neurketetan Osasunak ez du puntu bakar bat ere atera. Hamabi gol jaso ditu eta bakar bat ere ez du lortu Sadarretik kanpo jokatutako lau partida horietan. Datuekin baino, deja vu sentsazioaren hipotesiak bereziki taldeak erakutsi duen joko faltarekin eta konformismoarekin hartzen du indarra; berdinketen bila atera izan da eta erasoan apena produzitu du etxetik arerio zuzenen aurka jokatutako partidetan. Butarkeko neurketa izan da amesgaizto bilakatzen ari den deja vu honen azken kapitulua. Aipatutako lau porrotetatik Leganesekoa izan bada ere markagailu “estuenarekin” amaitu dena, lasai asko bukatu zatekeen partida emaitza zabalago batekin.
Aitzakiatzat erabili ezin bada ere, Enrike Martin Monrealen taldea ez zen baldintza onenetan iristen Butarteko neurketara hainbat faktore ezberdinengatik: hasteko, Roberto Torres eta Mikel Merino taldearen bi erreferentzi nagusiak baja garrantzitsua zirelako. Bestetik, Leganes behetik gora datorrelako eta Butarken ez zuelako partida bakar bat ere galdu denboraldi osoan. Azkenik, taldea ez dabilelako denboraldi hasieran bezain fin ez defentsan ez aurrealdean; golak sartzeko arazo izugarriak ditu talde nafarrak eta atzeko lerroak ematen duen segurtasuna beherakada doa.
Ezustekorik ez Osasunaren planteamenduari dagokionez lehenengo zatian. Partida borrokatzea atera zen Enrike Martinen taldea. Zelai erdiko eta atzelarien borroka izan zen, erasora apenas animatu zelako Osasuna. Etxetik kanpo jokatutako lehen zati askotan emandako itxura berretsi zuen Osasunak; bigarren zatira arte partida bizirik mantendu nahi du taldeak eta horretarako erasoari ia uko egiten dio lehenengo 45 minutuetan. Halaxe igaro zen lehenengo zati ia osoa. Bestalde, Leganesek ere ez zuen aparteko arriskurik sortu hegaletan duen abiadura aprobetxatuz sortu zituen aukeretan.
Lehenengo zatirako adostutako lana ondo bete zuela zirudienean iritsi zen kolpea: 40.minutuan, korner jaurtiketa batean, Szymanowskik bat eta hutsekoa egin zuen. Javier Flañori blokeo bat egin zioten eta libre zegoen Szymanoskik metro batzuk atzera egin eta area handian bere ezker oinarekin egindako errematea, Nauzeten laguntza apur batekin, sareetara joan zen. Atsedenaldira bat eta hutseko markagailuarekin joan zen neurketa.
Bigarren zatiaren hasieran are gehiago okertu zen neurketa; debuta egin berri zuen Manuel Sanchez “Maolin” euskarriak bigarren txartel horia ikusi eta aldageletarako bidea hartu behar izan zuen. Osasuna behera zetorren eta Leganesek ez zuen aukera bikaina desaprobetxatzeko asmorik. Lehenengo zatian egin bezala, Osasunak baino martxa bat gehiago jarri zion neurketari eta hegaletatik etengabe zigortzen zuen Osasunaren planteamendua. Bigarren gola, baina, baloia ateratzean egindako huts batetik etorri zen Osasunak; Leganeseko jokalari batek zelai erdian baloia moztu ez ezik, hegalera bidali zuen erabat atera ez zen atzeko lerro nafarraren moteltasuna aprobetxatuz. Omarrek erdiraketa azpitik egin eta Ruben Peñak aise gainditu zuen Nauzet Perez atezaina.
Aldaketek berpiztu zuten Osasuna. Olavide eta Berenguerren abiadurak min egin zion Leganesi nahiz eta emaitza ez zen inoiz arrikusan egon, batik bat Osasunak ez zuelako behin ere hiru zutoinen artean jaurtiketarik asmatu. Osasunako atezainak lehenengo golean zertxobait huts egin zuen. Aitzitik, partidako gorritxo onena bera, Nauzet Perez atezaina izan zen. Neurketa bi eta hutsekoarekin amaitu bazen ere, Kanariar Uharteetako atezainak bizpahiru gol abagune garbi gelditu zizkion talde madrildarrari.
Igoera zuzeneko eta promozio postuetatik lehenengo aldiz erori da Butarkeko partidaren ondoren Osasuna. Talde nafarra zazpigarren postuan dago orain seigarren postuan dagoen Mirandesekin 39 puntutara berdinduta. Zortzigarren postuan Elx dago 38 punturekin. Leganesen antzera, behetik gora datorren Zaragozaren aurka bai ala bai irabazi beharko du Osasunak, Sadarren, datorren asteburuan. Merino, Mesa eta Roberto Torres berreskuratuko dituen bitartean, Manolinek zigorra bete beharko du.
Iñaki Berastegi Goikoetxea (@IBerastegi)