Merino Dortmundera: zurrumurru faltsu baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016ko urt. 28a, 12:59

Mikel Merino, Taxoaren (Argazkia: Taxoareko Hitza)

Dortmundeko Borussia Mikel Merino 4 milioi ingururuen truke fitxatzear zegoela argitaratu du Marcak. Ordea, Luis Sabalza presidenteak halakorik ukatu du. Bere esanetan, haztegikoa ez dute neguko merkatuan salduko.

[Albistea Taxoareko Hitza-n]

Marcak asteazken bazkalostean argitaraturiko albisteak ezustean harrapatu ditu zale gorritxo guztiak: kazeta espainiarraren arabera, Borussia Dortmundek ia itxita zuen Mikel Merinoren fitxaketa. Albistean gaineratzen zuenez, talde alemaniarrak 4-5 milioi inguru ordainduko zizkion Osasunari 19 urteko erdilariaren truke. Berria jakin eta berehala zalaparta galanta piztu da Twitterren. Ordubete eskasean #Merino traola trending topic bilakatu da. Jendeak fitxaketa jada emantzat jotzen zuen. Merino nola ordeztu galdetzen hasiak ziren zegoeneko.

Alabaina, hedabide nafarrek berehala gezurtatu dute Marcaren albistea edo, hobe esanda, zurrumurrua. Hauek Osasunako presidente Luis Sabalzarekin hitz egiteko parada izan dute, eta honek Dotmundek eskaintza egin diela aitortu duen arren, garbi utzi nahi izan du ez dutela inongo asmorik Merino orain saltzeko, eta areago soilik 4 edo 5 milioi ingururen truke (jokalariaren klausula 20 milioikoa da).

Horrez gain, Sabalzak adierazi du ez dutela jokalaria merkatua ixteko lau egun falta direla salduko. Bere esanetan, inorekin Merinoren salmentaz hitz egitekotan, ekainetik aurrera izan beharko da. “Osasunarentzat Mikel Merino jada errealitate bat da. Taldeak mailaz igotzeko aukera dauka eta gogorra litzateke orain jokalari garrantzitsuenetariko bat galtzea. Zuzendaritzako kide guztiak bat gatoz: taldearen egoera zein den ikusita, klub bezala ezin dezakegu Dortmunden eskaintza onartu”, gaineratu du.

Marca: “Borussia Dortmundek ez du amore emango”

Sabalzaren adierazpenak ezagutu ondotik Marcak albistea eguneratu/zuzendu du. Bertan azaldu du Osasunak ezezkoa eman diola Dortmunden eskaintzari, baina gaineratuz alemaniarrek ez dutela amore emango, eta neguko merkatua itxi bitartean negoziaketei eutsiko dietela. Horretaz landa, hedabide espainiarrak albiste zuzenduan jaso duenez, Merinok Dortmunden jokatzea sekulako aukera bezala ikusten du, eta bere burua prest ikusiko luke Adelante Ligatik Bundesligara  jauzi egiteko.

“Osasunaren ezezkoagatik harrituta, talde alemaniarrak ez du eskaintza handitzea baztertzen. Merino ostegun honetan bertan aurkeztea zuten pentsatuta, baina orain gauza luzatu egin zaie. Dena den, alemaniarrentzako gorritxo gaztearen fitxaketa denbora kontua da”, argitaratu du Marcak. Honen arabera, Bundesligako bigarren sailkatua aspaldidanik dabil Merinoren arrastoaren atzetik, eta etorkizun handiko jokalari kontsideratzen ei dute.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!