Ate aurrean asmatuta dena da errazago

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2016ko urt. 26a, 13:29

Osasuna-Llagostera (3-0)| Garaipen erosoa lortu zuten gorritxoek igandean.

Kazetaria: Eñaut Agirrengoa Apaolaza

Osasuna-Llagostera (3-0)| Garaipen erosoa lortu zuten gorritxoek igandean. Aurrean denboraldi honetan Sadarren izan den talderik ahulenetako bat zutela, hiru puntuak aise lortu zituzten. Eta beharra bazuten, lau partida baitzeramatzaten etxean irabazi gabe. Lehen zatia aurreko partidetako gidoi bera ari zen izaten –aukerak bai, baina golik ez–, baina 45ean Ninok lehenengoa egin zuen, eta bigarren zatian, presioa jada gainetik kenduta zutela, partida itxi zuten Berenguerrek eta Mesak, kontraerasoan. 

Azkenaldian golarekin etsaituta zebilen Osasuna. Gol falta kezkagarria ari zen izaten, batik bat etxean. Ate aurrean zirenak eta ez zirenak ari zen huts egiten. Etxean jokatutako azken hiru partidetan –Bilbao Athleticen, Gimnasticen eta Oviedoren aurka jokatutakoetan– gorritxoek merituak sobera egin zituzten hiru puntuak patrikaratzeko, baina ate aurrean ezin kamutsago ibili ziren.  Baloia sarera bidali ez, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan ziren hiru partida horietan. Igandean, baina, bestela gertatu zitzaien. Ez zuten partida bereziki dizdiratsurik jokatu –eta beharrik ere ez zuten izan, Llagosteraren maila eskasa medio–, baina golaren bidea aurkitu zuten. Kosta zitzaien lehenengoa sartzea, baina behin Ninok lehenengo zatiaren luzapenean bat eta hutsekoa egin zuela, gorritxoek gol faltaren zama gainetik kendu zuten. Horrela, bigarren zatian beste bi sartu zituzten, zaleen lasaitasun eta gozamenerako.

Aurrelari almeriarraren gola funtsezkoa izan zen taldea psikologikoki askatzeko. Izan ere, ordura arteko minutuak Sadarren jokatutako azken partiden deja vu antzeko bat ari ziren izaten: gorritxoak erasoan gauzak txukun ari ziren egiten, arriskua ari ziren eramaten Llagosteraren areara, baina ez ziren kapazak Reneren atea zulatzeko. Abagunerik garbienak azken aldian gora egin duen Kenan Kodrok izan zituen, baina jaurtiketak erdi-erdira irten zitzaizkion. Olavidek asmatu zuen baloia sareetara bidaltzen, baina gola ez zen balekoa izan, jokoz kanpo baitzegoen. Igandean irregular samar ibili zen haztegikoa, baina jokoan sartu zenean argi eta garbi erakutsi zuen kalitate izugarriko jokalaria dela. Gorritxoen jokoari irudimena, gatza eta piperra ematen dizkio.

Nahi eta ezin horretan zebiltzala, lehen zatiaren ondarrean Ninok lehen gola egin zuen, nafarrentzako mugarria izan zen gola. Behar zuen taldeak, eta behar zuen Ninok berak. Bere ezkutupeko lanak askotan, apika gehiegitan, saririk ez du izaten. Igandean, aitzitik, lan horrek ordaina izan zuen. Gauzak horrela, markagailuan aurretik zirela, bigarren zatiari beste txip, beste aldarte batekin ekin zioten etxekoek. Antsietaterik gabe, lasaiago zelairatu ziren. Llagostera Osasunaren patxada puntu hori probesten ahalegindu zen, baloiaren jabetza bere eginez, baina sakontasun falta izugarria erakutsi zuen jokoan. Horrela, gorritxoen atzekaldeak ez zuen arazorik batere izan errentari eusteko; susto bakar bat ere ez zuten izan.

Llagostera banakoa egiteko ahalegiean zebilela, Osasunak kontraerasoa baliatu zuen arerioari min egiteko. Egoera horretan nabarmentzeko moduko erakustaldia eman zuen Roberto Torresek. Ezinezko kontrolak, magiaz beteriko driblingak, pase ezin zehatzagoak… Denboraldi osoko joerari jarraiki, gorengo mailan aritu zen arrekoa. Bigarren gola bere oinetatik sortua izan zen: lehenik jokalari bat izkin egin zion, eta ondoren oinaren kanpokalderekin pase sakona eman zion Alex Berenguerri. Hau bere abiaduraz baliatu zen Reneren ateraino iristeko, eta atezainaren aurrean ez zuen barkatu. Bi eta hutsekoarekin partida erabakita gelditu zen, eta are erabakiago geratu zen Mesak hirugarrena egin zuenean. Gola Llagosteraren korner baten ostean iritsi zen. Oier, Berenguer eta Mesa arrapaladan irten ziren, eta lehenengo biek kontraerasoa bikain gidatu ostean, hirugarrena baloia ate barrura bidaltzeaz arduratu zen.

Honenbestez, etxean jokaturiko azken lau partidetan taldea irabazi ezinik ikusi ostean, igandean gorritxoen garaipenarekin gozatzeko aukera izan zuten zaleek –ez denek, Hego Harmaila pairatzen ari den jazarpena dela eta bertako zati bat hutsik gelditu baitzen–. Martinen jokalariek ez zuten ikuskizun apartik eman, baina sendotasuna eta, batez ere, eraginkortasuna tarteko hiru eta huts jipoitu zuten Llagostera talde apala. Lorturiko hiru puntuei esker, gorritxoek postu bat egin dute gora sailkapenean –hirugarren dira orain–, eta garrantzitsuagoa dena, zazpigarrenarekiko aldea lau puntura zabaldu dute. Eta gora begira, igoera zuzena bermatzen duen bigarren postua puntu bakarrera dute. Oraindik jardunaldi asko daude aurretik, baina geroz eta garbiago dago gorritxoak denboraldi amaierararte izango direla igoeraren lehian bete betean sartuta.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!