Lidergoak txarretik ere badu

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2015ko urr. 24a, 08:26

Argazkia: Taxoareko Hitza
Tenerife-Osasuna| Nafarrak eta kanariarrak nor baino nor arituko dira igandean, 19:15etik aurrera.

[Atarikoa Taxoareko Hitza-n]

Alde on ugari ditu, ezbairik gabe, sailkapeneko lehen postuan izateak. Aldarteari dagokionez batez ere. Talde bat lider dagoenean, jokalariak moralez gainezka izaten dira, egiten ari diren lanaz harro, eta giroan arnasten den baikortasun horrek maiz eragin handia izaten du berdegunean. Jokalariek konfidantza gehiagoz jokatzen dute, ausarida handiagoarekin. Haatik, alde txarrak ere baditu. Lidergoak presioa dakar, bertan irauteko derrigorrezkoa baita puntuak hirunaka batzea. Eta talde guztiak ez daude prest zama hori jasateko. Gainera, gainontzeko talde guztiek begirada liderraren jokatzeko eran paratzen dute, bere jokoa aztertu eta izan ditzakeen ahulguneak kausitze aldera. Partiden joanarekin batera, liderra mendean hartzeko taktika bereziak garatzen dituzte. Hala, neurketak irabaztea geroz eta lan nekezagoa bilakatzen da lehen postuan den taldearentzat.

Egoera horretantxe dago Osasuna. Moralez gainezka, futbolaren alde gozoaz gozatzen, baina, era berean, lidergoaren alde mingotsa aurka daukala. Izan ere, azken bi jardunaldietan garbi ikusi da aurkariek gorritxoen jokoa ondo ikasi, eta hauei min egiteko metodo eraginkorra asmatu dutela. Taktika horren funtsa zelai erdian dago: talde nafarrak euskarri bakarrarekin (dela Merino, dela Mesa) jokatzen duela probestuta, aurkariek zelai erdian jokalari ugari pilatu eta nagusitasuna sortzen dute lerro horretan. Horrela egin zuen Alavesek, eta hala egin zuen Albacetek ere. Gaztela-mantxako taldeak azkenean porrot egin zuen Sadarren, baina itxura oso duina emanda. Bi euskarri eta hauen aurretik beste gizon bat kokatuta, gorritxoen zelai erdia deskonektatu zuen. Hala, nafarrek hiru puntuak lortzeko gogotik sufritu behar izan zuten.

Gauzak horrela, Osasunak Teneriferen aurka jokatuko du igande honetan. Aurkako dinamiken talka izanen da Heliodoron, nafarrak lehen postuan diren bitartean, kanariarrak jaitsiera postuetatik hurbil baitaude. Nolanahi ere, Albacetek ongi erakutsi bezala, aurkaria beheko postuetan egoteak ez du partida erraza izango denik esan nahi; are gutxiago, gorritxoen ahulguneak dagoeneko talde guztiek ezagutzen dituztela kontuan hartzen bada. Tenerife mantxarren gisara jokatzen saiatuko da, zelai erdian lerro indartsua eratuz, eta lerroak batuta mantenduz. Egoera horretan, gorritxoentzat gauzarik egokiena taktikaz aldatzea litzateke. Orain arte euskarri bakarrarekin aritzeak emaitza onak eman dizkie, baina horrela jokatuta irabaztea geroz eta zailagoa ari zaie egiten. Konponbiderik zentzuzkoena euskarrian Merino edo Mesarekin batera Oier bezalako jokalari bat jartzea litzateke. Hori eginda, Tenerife zelai erdian nagusi izatea galaraziko lukete.

Bestelakoan, orain arteko lerro beretik jarraitu ezkero, gorritxoek Heliodoron hiru puntuak patrikaratzeko aukera handiak izango dituzte. Estatistikak, edonola ere, ez dituzte lagun izango, Osasunak Heliodoron jokatu dituen 20 aldietan garaipen bakarra baino ez baitu lortu. Duela 39 urte izan zen, 1976 ko Errege Kopan. Geroztik hainbatetan jokatu dute han, bigarren zein lehen mailan, baina behin ere ez dira garaipenarekin itzuli. Beraz, garaipen batek, lidertza mantentzeaz landa, bolada ezkor horri amaiera ematea suposatuko luke.

Mesa eta Pucko, Olavide eta Berenguerren ordez

Igandeko partidari begira hamaikakoan aldaketak eginen ditu Enrike Martinek. Hala ikusi ahal izan da gaur goizeko entrenamenduan. Arrizabalagakoaren planen arabera, Mesak Olavideren lekua hartuko du, eta Puckok, bere aldetik, Berenguerrena. Horrela, zelai erdian Mesa (euskarri bezala), Roberto Torres eta Merino (Olavidek utziriko lekuan) arituko dira, eta aurreko lerroan Pucko eta Nino recordmana. Partida oso berezia izango da almeriarrarentzat, Tenerifen jokatu baitzituen bere kirol bizitzako urterik onenak. Mesarentzat ere esanahi berezia duen neurketa da, bere jaioterriko taldearen aurka jokatuko baitu. Astean zehar adierazi duenez, noizbait bertan jokatzea gustatuko litzaioke.

Min hartutako jokalariei dagokionez, erizaindegia gutxinaka hustuz doa. Izan ere, Loties eta Martinsek alta jaso dute jada. Martinek agian oraindik ez ditu deialdian sartuko, baina eskuragarri izango ditu bederen. Aitzitik, David Garcia, Milic eta Alex Sanchez deialditik kanpo geldituko dira ziurtasun osoz. Hirurak min hartuta dira, eta oraindik aste batzuk eman beharko dituzte osatze lanetan.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!