Gorritxoek berriz ere garaipenaren bideari heldu nahi diote

Erabiltzailearen aurpegia Taxoareko Hitza 2015ko ira. 11a, 11:48

Osasuna-Leganes | Almeriaren aurka denboraldiko lehen porrota jaso ostean, Osasunak larunbatean Leganes jasoko du Sadarren. Martinen gizonek aukera polita izanen dute hiru puntuak lortu eta proiektu berria sendotzen jarraitzeko.

Adelante Ligako lehen bi partidak irabazita, amestutako denboraldi hasiera izaten ari zen Osasuna. Uda zail baten ondoren, gorritxoek zalantzak garaipenen bidez uxatu nahi zituzten, eta lehen bi neurketetan behintzat hala egin zuten. Eta nola gainera: nafarrek Llagostera zein Mirandes ofizio handiz hartu zituzten mendean, lehiakortasun eta sendotasun handia erakutsiz. Alabaina, joan zen jardunaldian garaipenen dinamika hori eten egin zen. Gorritxoek aurkari bezala kategoriako talderik indartsuenetariko bat den Almeria izan zuten, eta lehen zatian markagailuan aurretik jartzea lortu zuten arren, azkenean andaluziarrek neurketari buelta eman zioten. Martinen mutilek partida gogoangarria jokatu zuten, baina azkenean esku hustik gelditu ziren. Hortxe amaitu zen iruindarren bolada positboa,  zale askoren ameskeriak amaitu ziren bezalaxe.

Gauzak horrela, larunbat honetan Sadarren Leganes talde madrildarra hartuko dute, berriz ere garaipenaren bideari heltzeko asmoz (Ligari dagokionez; asteazkenean, Errege Kopan, Mirandes hartu baitzuten mendean). Gorritxoek une honetan duten helburu bakarra mailari behar bezala eustea da, eta horretarako funtsezkoa da etxeko partidetan aurpegia eman eta hutsik ez egitea. Lehengo urtean Sadarretik puntuek erruz ihes egiten zieten Leganesen tankerako aurkarien aurka, eta azkenean gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten Zilarrezko Mailan gelditzeko; beraz, derrigorturik daude berriz ere hanka sartze bera ez egitera.

Zernahi ere, talde honengan konfidantza izateko arrazoiak badaude. Izan ere, aurten taldeari eginago, sendoago somatzen zaio. Trantsiziozko denboraldi baten ostean, azkenean Bigarren Mailako jokora egokitu dela esan daiteke, sasoiko lehen bi partidetan ikusi ahal izan zen bezala. Gorriek baloi jabetzari jada ez diote hainbesteko garrantzirik ematen; orain lehentasuna defentsa ondo itxi eta ondoren erasoan zuzen jokatzea da. Izan ere, hori da Leganes eta kategoriako talde gehienen aurka lehiatzeko modurik eraginkorrena. Talde madrildarraren kasuan, intentsitatea eta presioa erabiltzen ditu arma nagusi lez, defentsan ondo ixten delarik ,beraz, kalitate goreneko jokalariak izan ezean, zaila da baloi jabetzaren bidez minik egitea. Zuzenagoa da atea behar bezala zaindu, eta erasoan joko zuzena erabiltzea. Ikuskizuna nahi duten zaleentzat akaso ez da estilo erakargarriena izango, baina, finean, sailkapena ez du jokoaren ikusgarritasunak zehazten.

Martinek zelairatuko duen hamaikakori dagokionez, hainbat inkognita daude. Alde batetik, zalantzetako bat Arrizabalagakoak erabiliko duen sistema da. Almeriaren aurkako partidan lau defentsako lerroarekin hasi zuen partida, eta taldeak ondo erantzun zuen; Errege Kopako partidan, baina, berriz ere bost defentsako lerroaren aldeko apustua egin zuen. Larunbateko partidari begira, badirudi berriz ere 5-1-2-2 eskema erabiliko duela, baina ez dadila inor harritu Arrizabalagakoak, Almerian egin bezala, 4-2-3-1 eskema erabiltzen badu. Bestalde, bost defentsa eta bi aurrelarirekin jokatu ezkero, Ninorekin batera aurrelari lanetan nor arituko den ez dago garbi.  Izan ere, Puckoren lesioak entrenatzailearen planak aldatu egin ditu. Esloveniarra ordezteko hiru hautagai begitantzen dira: Berenguer, Milic eta Kodro. Berenguer  da sasoi onenean dagoena, baina Martinek agian nahiago du Milic-ekin proba egitea, edota, akaso, Kodrorekin.

Talde nafarrak 5-1-2-2 jokatzen badu, zelai erdian ez legoke inongo zalantzarik: berriz ere Merino, Oier eta Torresek jokatuko lukete. 4-2-3-1 aren kasuan, Olavidek hasierako hamaikakoan sartzeko aukerak izanen lituzke, asteazkeneko partidan jokalaririk azpimarragarrienetako bat izan baitzen. Mirandesen aurkako neurketan Adrian Cruz eta Maikel Mesa ere maila onean jardun ziren, baina bi hauek hasieratik jokatzeko aukera gutxiago izanen lituzkete. Eta defentsari dagokionean, kasu honetan ere Martinek erabilitako eskema taktikoak baldintzatuko du lerro honetako jokalarien hautaketa. Bost defentsa zelairatu ezkero, Arrizabalagakoak une honetan eskuragarri dituen bostak jarriko ditu, eta laurekin jokatu ezkero, Almerian jokatu zutenak (Tano, Javi Flaño, Unai Garcia eta David Garcia) jarriko lituzke hasierako hamaikakoan.

Leganes, hasiera on batek hauspotuta

Gorritxoen arerioari dagokionez, Leganes moralez gainezka iritsiko da larunbateko partidara. Izan ere, lehen hiru partidetan kategoriako hiru talderik onenetarikoen aurka jokatuagatik ere (Almeria, Cordoba eta Zaragoza izan dituzte aurkari), itxura ona eman eta lau puntu pilatzea lortu dute. Lehen partida, Almeriaren aurka jokaturikoa, 3-2 galdu zuten, baino ondoren, Cordobari irabazi eta Zaragozaren aurka berdindu ostean, baikortasuna zabaldu da Leganesen zaleen artean. Horrenbestez, inor ez dadila harritu larunbatean arerio lehiakor bat ikusten badu. Madrildarrek orain arteko jokoa mantentzen badute, gorritxoek lan asko egin behar izango dute hiru puntuak patrikaratu nahi badituzte.

Iragan denboraldian elkarren artean jokatu zituzten bi partidetatik gorritxoek balantze positiboa atera zutela esan daiteke, etxeko partida 2-1 irabazi eta Butarquen berdinketa lortu baitzuten (zeuden egoeran, Butarqueko partidan soilik garaipenak balio zuen). Edonola ere, aurrekariek, kasu honetan, ez dute askotarako balio. Izan ere, bi taldeek aldaketa sakonak bizi izan dituzte udan, beraz, lehengo urteko taldeen artean gertatutakoak erreferentzia gutxi eman diezazkiguke. Leganesen izan diren aldaketei dagokienez, taldeko jokalaririk garrantzitsuenetakoak ziren asko beste nonbaitera joan dira, Eraso, Chuli eta Marc Bertran, esaterako. Hauek ordezkatzeko Asier Garitanok zuzenduriko taldeak berriz ere Lezama aldera jo du; bertatik ekarri dituzte Guillermo, Ruiz de Galarreta, Bustinza eta Albizua.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza (@Elspipi)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!